Areto futbola

Berriro ere azken segundotan ihes egin zion garaipenak Osasuna Magnari

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 1a, 11:15
Mancuso, sartutako gola ospatzen. Argazkia: J.L. GORRIA.

Ostiralean Anaitasunan jokatutako partidan Betisek bina berdintzea lortu zuen 40 segundoren faltan

Jaenen eta Aspil-Jumpers Ribera Navarraren kontra irabazi eta gero, Osasuna Magna Xotak animoz gainezka hartu zuen Betis Futsal taldea Anaitasuna pabilioian. Astea hirugarrenaren garaipenarekin ixtea handia litzateke, eta hori gertatzeko zorian egon zen talde berdea, baina Osasuna Magnak aurreko akats berdinak errepikatu zituen, ez zituen aukerak behar bezala aprobetxatu, eta Betisek azken segundotan lortutako berdinketarekin azken unean garaipenak ihes egin zion talde irurtzundarrari. 

Azken bi partidatan defentsan jokatu eta kontraerasoetan saiatu ordez, Imanol Arregiren mutilak erasora atera ziren Betisen kontra. Baloiaren jabetza lortu zuten, ongi mugitu zuten eta Betisen atea zulatzen saiatu ziren hasieratik. Horrek Betis defentsara mugatu zuen. Gol aukerak iritsi ziren, bata bestearen atzetik, baina baloia ez zen sartzen. Eta talde berdeak garesti ordaindu zuen, Betisek, Asierren atera gerturatu zen aldi ia bakarrean gola sartu zuelako, Ruben Cornejok sartutako gol bati esker. 

Azken segundo madarikatu horiek
Bigarren zatia hasi bezain pronto Mancusok partida berdintzea lortu zuen, Bynhok diagonalki egindako pase bat bikain aprobetxatu eta gero. Bi taldeek garaipenaren bila borrokatu ziren, eta partida bukatzeko 11 minutu falta zirenean Imanolek Tony Escribano atezain-jokalari jarri zuen eta Dani Zurdok 2 eta 1 aurreratu zuen Osasuna Magna. Baina Betisek ere atezain-jokalariaren figuraren alde egin zuen eta Imanol Arregiren taldea garaipena ia ospatzen ari zela, Betiseko Buendiak bina berdintzea lortu zuen, partida despeditzeko 40 segundoren faltan. Puntu bati eutsi zion talde nafarrak, baina bi puntu oso garrantzitsu ihes egiten uztearen sentsazioarekin.

Berdinketa “injustua”
Imanol Arregirendako berdinketa “injustua” izan zen. “Partida hau erraz atera behar genuen aurrera.  “Partidaren 40 minutuetan nagusi izan gara. Partida erabakita uzteko 3 aukera oso argi izan ditugu, baina ez dugu egin, eta soilik gol baten aldea baduzu, halakoak gerta daitezke” penatu zen entrenatzailea. Hala ere, Imanolek azaldu zuen astea bi garaipenekin eta berdinketa batekin ixtea poztekoa zela, baina bi puntu garrantzitsu horiek ihes egitea “pena” izan zela. 

1. mailako Areto Futboleko Ligako sailkapenean Levante da lider (50 puntu), Jimbee Cartagenaren aurretik (48 puntu). Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (25 puntu), partida bat gutxiagorekin eta play-offetako postuei (lehen zortzi postuak) begira.

1. mailako Areto Futboleko Ligak atseden hartuko du martxoaren 13ra arte. Orduan 23. jardunaldia jokatuko da, eta 21 punturekin sailkapenean 13. postuan dagoen Burela taldea izango du aurkari Osasuna Magna Xotak.