Areto futbola

Aste batean hiru partida erabakigarri ditu aurretik Osasuna Magnak

Guaixe 2021ko mar. 12a, 10:00

Ostiralean Burela izango du aurkari Galizian, asteartean Antequera hartuko du Anaitasunan eta martxoaren 21ean Barçaren kontra ariko da Palau Blaugranan

Astebeteko geldialdiaren ondoren 1. mailako areto futboleko liga bueltan da eta astebeteko epean hiru jardunaldi jokatuko dira. Eta hiru partida horiek guztiz erabakigarriak dira Osasuna Magna Xotarendako, play-off postuetan sailkatzeko –ligako sailkapeneko lehen zortzi postuak– puntuak pilatu beharrean baitago Imanol Arregi irurtzundarrak zuzentzen duen taldea. 

Egun Levante taldea da liderra (50 puntu), Jimbee Cartagena (48 puntu) eta Palma Futsal (43 puntu) taldeen aurretik, hirurek ligako 22 jardunaldiak jokatuta. Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (25 puntu), partida bat gutxiagorekin. Izan ere, konfinamenduak eta beste hainbat arrazoik eraginda, partida gutxiago jokatu dituzten zenbait talde daude, eta horrek sailkapenean eragina du. Esaterako, El Pozo Murciak eta Cordobak hiru partida gutxiago dituzte jokatuta, Interrek eta Zaragozak bi partida gutxiago, Barçak, Valdepeñasek eta Osasuna Magnak bat gutxiago…

Horregatik, aste bateko epean jokatuko diren hiru jardunaldietan ahalik eta hobekien aritzea ezinbestekoa da Osasuna Magna Xotarendako. Izan ere, talde irurtzundarrak ligako titulua erabakitzeko play-off postuetan sailkatzeko aukerak ditu oraindik, baina horretarako puntuak pilatu beharrean dago. Sailkapeneko lehen zortzi taldeek jokatzen dituzte play-offak, eta egun talde berdea 10. postuan dago. Datozen hiru partidak erabakigarriak eta gakoak dira talde irurtzundarrarendako, play-off postuak eskura baititu. 

Burela, Antequera eta Barça
Asteburuan ligako 23. jardunaldia dago jokoan. Ostiralean 21 punturekin sailkapenean 14. postuan dagoen Pescados Burela taldearen kontra ariko da Osasuna Magna Xota Burelako Vista Alegre pabilioian (Galizia), 19:30ean. “Burela arerio zuzena da, denboraldi honetarako oso ongi berrindartu den taldea eta puntu beharrean dagoena. Beraz, partida oso garrantzitsua da” adierazi dute Xota klubean.  

Asteartean, martxoak 16, ligako 24. jardunaldia jokatuko da, eta talde berdeak sailkapenean azkenaurrekoa den BeSoccer UMA Antequera taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. “Jaitsiera postuak atzean uzteko bere indar guztiekin borrokatuko da Antequera, eta partida zaila dugu aurretik. Aurten soilik bi garaipen lortu ditugu etxean, Anaitasunan, eta hiru puntu oso preziatu horiek lortzea gure helburuetako bat da” diote talde berdean. Beraz, tentsio handiko beste partida baten aurrean gaude.  

Eta astea borobiltzeko, datorren asteburuan jokatuko den 25. jardunaldian Kataluniako bidea hartuko du Imanol Arregiren taldeak, martxoaren 21ean, igandearekin, Barça izango baitute arerio Palau Blaugranan 12:00etan hasiko den norgehiagokan. Barça beti da Barça, ligako oilarretako bat, baina arerio indartsuen aurrean lepoa jasotzen dute Imanol Arregiren mutilek eta espero dezagun hala izatea.