Areto futbola

Burelatik 3 puntu oso garrantzitsu ekarrita, bihar Antequeraren kontra beste 3 puntu eskuratu nahi ditu Osasuna Magnak

Guaixe 2021ko mar. 15a, 09:30

Osasuna Magna Xotak 0 eta 1 irabazi zion larunbatean Pescados Ruben Burela taldeari. Sailkapenean 10. postuan dago talde irurtzundarra eta bihar, asteartea, Antequeraren kontra -Anaitasunen puntuatzen badu play-off postuetatik gertu koka daiteke

Aste bateko epean hiru partida oso garrantzitsu ditu Osasuna Magna Xotak eta lehendabizikoan gauzak oso ongi joan zaizkio. Larunbatean Galizian jokatu zuen talde berdeak Pescados Ruben Burela taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen eta lehen zatian Osasuna Magnak gol aukera ederrak izan zituen, atsedenaldira joateko lau segundoren faltan, Juninhok Eduk defendatutako atea zulatzea lortu zuenera arte. Bigarren zatian Burela aurreratu egin zen eta partida berdintzen saiatu zen, baina Osasuna Magna Xotak atea oso ongi zaindu zuen. Nahiz eta bi taldeek bere aukerak izan, markagailua ez zen mugitu eta Galiziatik hiru puntu ekarrita itzuli zen Imanol Arregiren taldea. 

Arregirendako “garaipen oso garrantzitsua” da
Imanol Arregik nabarmendu zuen talde berdea lehen zatian bigarrenean baina hobe aritu zela. “Lehen zatian nagusi izan gara, eta markagailuan aurreratzea merezi izan dugu, alde gehiagorekin. Bigarren zatia paretsuagoa izan da, baina atea hutsik mantentzea lortu dugu eta hori beti garrantzitsua da” azaldu zuen entrenatzaileak. Galiziatik ekarritako 3 puntuak “oso garrantzitsuak” izan direla azpimarratu zuen Imanol Arregik. “Tentsio handiko jardunaldia zen talde askorendako, sailkapena oso berdindua dagoelako. Horregatik, gurea garaipen oso garrantzitsua da” aitortu zuen. 

Bihar, 20:30ean, Antequera hartuko du Anaitasunan 
1. mailako areto futboleko sailkapenean Levante da lider (51 puntu) eta Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (28 puntu), partida bat gutxiagoarekin. Talde berdearen helburua play-off postuetan sailkatzea da, hau da, lehen 8 postuetan, ligako titulua jokatu ahal izateko, eta 8. postua 5 puntutara du. Beraz, bihar, asteartea, sailkapenean azken aurrekoa den Antequeraren kontra Anaitasuna pabilioian jokatuko duen partidan puntuatzea ezinbestekoa da. Partida 20:30ean jokatuko da eta LaLigaSportsTV eta Navarra TV telebista kateetan jarraitu ahal izango da.