Areto futbola

Osasuna Magnak ezin izan zuen aste bikaina borobildu

Guaixe 2021ko mar. 22a, 09:47
Osasuna Magna Xotak hirugarren ekipazioa mustu zuen, txuri kolorekoa, Barçaren kontra.

Imanol Arregiren taldeak 5 eta 1 galdu zuen atzo Barçaren kontra Palau Blaugranan; talde berdeak ez zuen horrenbesteko aldearekin galtzea merezi izan

Aurreko astean Burelaren eta Antequeraren kontra garaipen sendoak lortu eta gero, atzo Barçaren kontra garaipenaren bidean jarraitu nahi zuen Osasuna Magna Xotak, baina ezinezkoa izan zen. Talde irurtzundarrak 5 eta 1 galduta itzuli behar izan du Bartzelonatik. Atsedenaldira husnako berdinketarekin iritsi eta gero, bigarren zatian ihes egin zion partidak talde nafarrari, kontrako atean ez asmatzeagatik. 

Atzo Osasuna Magnak Barça izan zuen aurkari Palau Blaugranan. Lehen zatian bi taldeak parez pare ibili ziren. Atezainak izan ziren protagonista, eta aipatzekoa da gol aukera onenak Osasuna Magnarenak izan zirela. Baina, atzera ere, kontrako atean punteria falta izan zuten Imanol Arregiren mutilek eta horrek kondenatu zituen. Bi taldeak husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatia hasi eta berehala, 3 minutuko tartean, Barçak bi gol sartu zituen. Egoerari erantzuna emateko talde berdeak arrisku gehiago hartu behar izan zituen bere gain eta ez ziren eroso ibili, nahiz eta Bynhok gola sartu eta bi taldeen arteko distantzia murriztu. Aipatzekoa da Bynhorena Areto Futboleko Ligako laugarren gol onena izendatu dutela. Barçak hirugarren gola sartu zuen eta horrek egoera gehiago korapilatu zuen. Lau minuturen faltan Imanol Arregik Tony atezain-jokalari jarri zuen baina taktika ez zen ongi atera eta Barçak beste bi gol sartuta, 5 eta 1 galdu zuen Osasuna Magna Xotak. 

Imanol Arregik adierazi zuen bere taldeak ez zuela horrenbeste aldearekin galtzea merezi izan. “Lehen zati oso ona egin dugu eta gol aukera oso garbiak izan ditugu, baina ez dugu asmatu, eta bigarren zatian ez gara ongi hasi” azaldu zuen Irurtzungo teknikariak. “Hirugarren golak mina egin zigun, baina partida hau ez da 5 eta 1 galtzeko modukoa. Hala ere, Palaun irabazi nahi baduzu eta lau aukera badituzu, gutxienez horietako bitan asmatu behar duzu. Eta ez da horrela izan” ondorioztatu zuen. 

Areto futboleko 1. mailako ligan Levante da liderra (54 puntu) eta Osasuna Magna Xota 10. postuan dago (31 puntu), play-off postutatik 5 puntura. Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko eta datorren asteburuan Osasuna Magnak sailkapenean 16. postuan dagoen Peñiscola hartuko du Anaitasunan.