Dinabide Nafarroa Arenako teknologia erakusleihoan

Guaixe 2021ko mar. 29a, 11:20
#OTDChallenge2021 Eraldaketa Digitalari buruzko Nafarroako topaketa. Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia.

#OTDChallenge2021 Eraldaketa Digitalari buruzko Nafarroako erreferentziazko ekitaldian parte hartu du bere esperientzia eta arrakasta kasuak azalduz.

Eraldaketa digitaleko ekitaldi handia hartu zuen Iruñeko Nafarroa Arenak herenegun eta atzo.  Nafarroako Industria fundazioak antolatutako topaketan 600 profesional baino gehiagok parte hartu zuten, haietatik %15 Nafarroatik kanpokoak. Fundazioko gerente Elena Alemanek azaldu zuenez, topaketak “enpresek, modu praktikoan, irtenbide berritzaileenak ezagutzeko aukera ematen duen erakusleiho teknologikoa da”. 

Topaketako parte hartzaileek adimen artifizialean, monitorizazioan edo plataformetan azken berritasunak izan zituzten eskura. Gainera, prozesuen digitalizazioa, zibersegurtasuna, automatizazioa, osasuna, logistika,smart services eta beste arlo batzuetan dauden berritasunak eta aplikazio praktikoak ezagutzeko aukera izan zen. Beraien eskarmentua eta azpiegiturak aurkeztu zituen eragileen artean Dinabide zegoen, Sakanako eraldaketa digitalerako gunea.