Areto futbola

Dani Saldiseren Kopa

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 29a, 11:40

Saldiseren Inter Movistarrek irabazi du Espainiako Kopa, Barçari 6 eta 1 irabazi eta gero. Jokalari nafar batek lortzen duen lehen titulua da

Inter Movistarrek eta Barçak Espainiako Kopako final handia jokatu zuten atzo Madrilgo Wizink Centerren, 1.500 ikusleren aurrean. Dani Saldise irurtzundarrak Inter Movistarrekin jokatu zuen Espainiako Kopako final handia. Lehia oso estuan, Inter Movistar Barça baino gehiago izan zen eta madrildarrek gol festa ederra ospatu zuten, 6 eta 1 gailendu baitziren, merezitako garaipena. Aipatzekoa da Dani Saldise ikusgarri aritu zela eta bere taldeak preziatutako Kopa eskuratzea ahalbideratu zuela, pibot irurtzundarrak sartu baitzuen Inter Movistarren azken gola, seigarrena. 

Dani Saldise oso pozik dago eta esker oneko hitzak izan ditu. “Eskerrik asko urte hauetan guztietan bidelagun izan ditudanak. Hau hasi besterik ez da egin” azaldu du irurtzundarrak sare sozialetan. 

Osasuna Magna Xotak ere jokalari irurtzundarra zoriondu du. “Dani Saldise titulu ofizial bat lortu duen lehen jokalari nafarra da. Harro gure klubean trebatu izana eta irurtzundarra delako, gure sehaska. Zorionak!” azaldu du talde irurtzundarrak, Dani Saldise txikia zeneko argazki batekin.