Areto futbola

Dani Saldiseren Inter Movistarrek Superkopa lortu du

Guaixe 2021ko api. 16a, 09:00
Argazkia: Movistar Inter.

Atzoko finalean talde madrildarrak 6 eta 4 irabazi zion Barçari partida lehiatu eta ikusgarrian. Espainiako Kopa irabazi eta hiru astera, bigarren trofeoa lortu du talde madrildarrak

Espainiako Kopa irabazi eta hiru astera Inter Movistarrek beste titulu bat irabazi du: Superkopa. Toki berean jokatu zen finala, Madrilgo WiZink gunean, eta arerio berdinen artean, Dani Saldise irurtzundarraren Inter Movistar eta Barça taldeen artean, eta atzera ere talde madrildarrak lortu zuen  preziatutako trofeoa. 

Partida ikusgarria izan zen, oso lehiatua, 1.265 zaleren aurrean jokatu zena. Espainiako Kopan bezala, Barça izan zen markagailuan aurreratu zena, baina, azkenean, Inter Movistarrendako izan zen trofeoa, 6 eta 4 irabazita. Dani Saldisek partida ona egin zuen. Hiruna berdinduta zeudenean, pibot irurtzundarrak sartu zuen Inter 4 eta 3 aurreratu zuen gola. 

2 trofeo eta pitxitxia
Dani Saldisek Osasuna Magna Xota utzi eta gero, lehen denboraldia egiten ari da Inter Movistarrekin eta bikain dagokio. Dagoeneko bi titulu lortu ditu, Espainiako Kopa eta Superkopa, eta 1. mailako ligako sailkapenean egun 3. postuan dago Inter (50 puntu), Levanteren (57 puntu) eta Palma Futsalen (52 puntu) atzetik. Gainera, ligako pitxitxia da Dani. Jokatutako 25 partidetan 21 gol sartu ditu. Duela hiru aste Espainiako Kopa irabazi eta gero titulu gehiagoren gose zela aitortu zuen irurtzundarrak eta pozez gainezka dago; bigarren titulua lortu du eta liga irabaztea, hori izango da hurrengo erronka.