Gauza bat historia da, beste bat da mitologia

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 19a, 14:04
Helena Xurio Arburua idazlea eta Asisko Urmeneta marrazkilaria hitzaldi batean. UTZITAKOA

'Sugarren mende' liburuan oinarritutako 'Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian' hitzaldia eman du Asisko Urmenetak Irurtzunen. Fenomenoaren Euskal Herriko ikuspegitik ikerketa falta dela aipatu du marrazkilariak eta dibulgatzaileak

Hitzaldi desberdinak edo bereziak egiten ditu Asisko Urmenetak. Komiki bereziak egiten dituen bezala. Solasaldi askotan egona denez, euskarri bisuala ezinbestekoa dela uste du marrazkilariak, alde batetik, entzuleek arreta manten dezaten eta, bestetik, "garunera" hobeto iristen delako informazioa, baita geratu ere. Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian hitzaldian pizarra batean hitzez azaltzen duena marrazten du. Eta asko dauka azaltzeko. Aurreko ostegunean Irurtzunen egin zuen saioa, eta aurretik Arbizun egon zen ere. 

Sugarren mende Urmeneta eta Helena Xurio Arburua idazleak kaleratu duten dibulgazio komiki berria da. Askotan landu den Euskal Herriko sorgin ehizaren inguruan hitz egiten du liburuak: "Atera behar nuenean, lagun batek galdetu zidan ea sorgin ehizaren inguruan ez dagoen dena kontatua". Zoritxarrez, ez, erantzun du Urmenetak.


Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian hitzaldia Arbizun. UTZITAKOA

Kontakizuna
Orain arte egin diren kontakizunak kanpotik datoz: "Hasteko, monografia serio bat falta da. Ez dut gutxiestu nahi komiki generoa, nirea dibulgaziozko komikia baita, baina euskarazko sorgin ehizari buruzko liburu bat falta da. Fenomeno bat Euskal Herria bortizki kolpatu zuena, eta ez dugu monografiarik euskaraz". Aldiz, espainolez, frantsesez, alemanez, nederlanderaz eta edozein hizkuntzatan badira azaldu du artistak. Euskaraz izan ezik.

Euskaldunen kontakizun falta "lehenengo sintoma oso arraroa" dela aipatu du Urmenetak. "Nik egin izan dudana euskaldun gisa lehendabiziko aldiz zer izan zen edo izan zitekeen gertatutakoa". Sorgin ehiza gaira heldu da intereseko gaia delako, bereziki kolpatuak izan ziren eskualdetan: "Zugarramurdin herritar batzuk eskatu zidaten noizbait gurea kontatzea, ez inkisidoreek kontatu dutena".

Gaiari buruzko kontaketak, hain zuzen, Espainiako inkisidoreek idatzitakoaren araberakoak izan baitira. "Azken urteetan berreraikitzen ari da mitologia berri bat sozialki, politikoki eta ikuspegi feministatik oso interesgarria dena, baina mitologia berri bat eraikitzen ari gara". Gauza bat mitologia da, eta beste gauza bat da historia, Urmenetaren hitzetan. "Dokumentazioa arakatu nuen eta ikuspegi berria eman dugu sorgin ehizaz".

Historiografia
Ikerketa lana jendeak uste duena baino errazagoa izan dela esan du. “Ez dut arakatu Espainiako inkisizioaren artxiborik, ez dut deskubirtu inork ezagutzen ez zuen paperik… Euskal Herrian publikatutako guztia irakurri dut”. Gauza bat da Espainiako eta Frantziako bibliografiek nola ontatu duten eta beste bat Euskal Herrian falta den "narratiba nazionala".

"Nafarroan egiten diren gauzak, adibidez, Maleficium. Navarra y la caza de brujas (siglos XIV-XVII) erakusketa handi hori hiper garestia izan zena, historiografia espainolaren barruan Nafarroan zer gertatu zen aipatzen zen, Lapurdin edo Gipuzkoan ematen zen fenomenoa zela kontuan hartu gabe". Urmenetak Munduko unibertsitatera jo du gaia nola tratatzen den ezagutzeko. "Kasu honetan ez Euskal Herrikoa, momentu batean Espainiako inperioak hogeita bat inkisizio tribunal izan zituen: Sizilian hasi eta Filipinan bukatu, Ameriketako kolonia guztietatik pasa"

Audientzia Nazionala
Inkisizio instituzio gisa desagertu bazen ere, "Espainiako koroapean gaude guztiok eta bete behar ditugu arau eta lege batzuk, iritzi delitua tifikitatua dagoela eta disidentzia politikoa zigortzen duela oraindik ere". Unibertsitate horietara jo du kolonia izandako herri horiek gaur egun "herri normalak" direlako, errepublikanoak eta askatasunetik ikertu ahal izan dutelako iragana eta inkisizio. Mexikoko Unibertsitateko Natalia Silva Prada ikerlari "oso interesgarriak", esaterako, inkisizioaren izaera politikoa eta poliziako ikertu du. "Hori esatetik oso urrun gaude hemen. Jarraitzen dugu kontatu duten lau adabaki horiekin. Estereotipo batzuk armatu ditugu, kontatu dizkigutenak, eta jarraitzen dugu pentsatzen apaiz fanatiko batzuek belargile eta emagin batzuk zigortu zituztela". Urmenetak ondorioztatu duenez, ez da horrela "inondik ere".

Inkisizioa kolonizatzaileek ezarri zuten. Hortaz, ezin da ulertu Euskal Herriko sorgin ehiza konkista logikatik kanpo. "Inperioaren erdigunetik iristen zaizkigun tesiak bi edo hiru aldiz irakurri behar dira". Gaur egun gaiaren inguruan egiten ari diren analisi feministak "oso interesgarriak" direla esan du Urmenetak, baina interpretazio horiek Ameriketatik iritsi direla aipatu du. "Oso interesgarriak dira, baina interesgarriak dira haien esparruetan. Ingalaterra Berrian kolonoen artean ematen den jazarpena eta masakrea izaten ahal da feminizidio edo sozio-ekonomikoki protokapitalismoa. Baina kontuan izan behar da kolono txuri puritanoak direla, arraza eta hizkuntza bereko kontu itsusi eta triskantza bat". Ezin da Euskal Herriko sorgin ehizarekin konparatu.

Sorginak?
"Hemen izan zen konkista militarra eta gero garbiketa. Legez ezin zutena egin asmatu zuten garaiko Audientzia Nazional bat, salbuespenekoa; orain terrorismoa dena, garai batean sorginkeria zen. Jendea torturapean ere hil zuten, sorginak ez zirela eta sorgina izatea zer zen ez zekitela esan arren". Beste askok sorgin izatea onartu zuten torturaren bidez.

Inkisizioa, beraz, herrietako lidergo politikoak eta komunitatetako batzarrak kentzeko tresna izan zen. Filipinetako Unibertsitate bateko ikerketa baten adierazpenak eman ditu Urmenetak: "Gutxi gorabehera esaten du kolonizatzaileek lehenik indar militarrak eta buruzagiak garbitzen zituztela. Herri menderatu batean botere absolutistek egiten duten lehendabiziko gauza lidergo politiko sozial eta ekonomikoak erditik kentzea da". Horretarako delitu "oso larriak" asmatu zituzten, "nonbait Jaungoikoari berari traizioa egiten zen, eta deabruarekin ituna egiten zela". XVI. eta XVII. mendeetan "oso gauza modernoa" eraikitzen ari zen.

Euskal Herrian hori gertatu zen lege batek, Foruak, komunitateak, herri lurrak eta abarrak babesten zituztelako. "Fernando Aragoikoak ezin zuen ezarri inkisiziorik Nafarroan konkistarik gabe. Behin konkistatuta hurrengo urtean ezarri zuen eta lehendabiziko agirien arabera inkisizioaren eginkizuna Joan Labrit eta Katalina I.aren alde eta espainolen kontra zeuden jendearen inguruko informazio biltzea eta zigortzea izan zen". Espainiako Inkisizioak sistema politikoa eta erlijiosoa ezarri zuen, baita patrialkalismoa ere. Herri baten kontrako jazarpena egin zen.

Eta nortzuk ziren sorgintzat hartutako emakumezko horiek? Estetikoki Urmenetak ukatu ditu sorginak "kontatzen diguten bezala" irudikatzea, baita "sinpatiko errebelde" azken urtetako mitologiaren araberako irudikapena egitea ere. "Kendu behar ditugu burutik emakume zahar, hezurtsu, belargile eta abarreko estereotipo horiek". Prozesatuak herritako jende errespetatuenak eta aberatsenak izan ziren. Etxalarko Maria Andara eta Sanpereko Katerina Elizalde emakumeen kasuak aipatu ditu: “Alargunak ziren, batzarretan boterea zuten, eta jauntxo aristokraten aurrean herri lurrak babesten zituzten”.