Areto futbola

Osasuna Magnaren porrot mingarria

Guaixe 2021ko api. 19a, 11:30

Palma Futsalen kontra azken segundotan galdu zuen talde berdeak

Osasuna Magna Xotak porrot mingarria sufritu zuen larunbatean Palma Futsal taldearen kontra. Sailkapenean bigarrena den Palma Futsal taldearen kontra ongi aritu zen Imanol Arregiren taldea, eta partida launako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, azken segundotan gola sartu zuen Palma Futsalek eta modu krudelenean galduta, punturik gabe itzuli ziren jokalari berdeak Mallorcako Palmatik. 

1. mailako sailkapenean bigarrena den Palma Futsalen kontra aritu zen Osasuna Magna Xota larunbatean Mallorcako Palman. Erritmo altuko partida izan zen, zaila, eta hasieran Palma Futsalek hartu zuen agintea, eta 3 eta 1 aurreratu ziren Mallorkakoak. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Imanol Arregiren taldea, eta baita lortu ere, Linhares, Wanderson eta Fabinhori esker 3 eta 4 aurreratu baitzen. Bikain aritu ziren jokalari nafarrak, baina Osasuna Magna adi egon ez zen jokaldi bakanetako batean launa berdindu zuen Palma Futsalek. Imanol Arregik atezain-jokalariaren formularen alde egin zuen, garaipena lortu nahi baitzuen talde nafarrak, baina azken segundotan Palma Futsal izan zen talde nafarraren atean asmatu zuena. 5 eta 4 galduta punturik gabe itzuli ziren irurtzundarrak.

Imanolendako “emaitza injustua” izan zen
Azken segundotan galdu eta gero, jota zegoen Osasuna Magna Xota. “Pistan ikusi denerako, emaitza hau guztiz injustua da. Partida eskutan izan dugu, baina azkenean ihes egin digu” esan zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukatuta. Taldeak “oso partida ona” egin zuela gaineratu zuen Arregik, baina “atzera ere emaitza krudela eta injustua” lortu zuela. “Bizpahiru aukera argi izan ditugu, aprobetxatu ez ditugunak, aurretik jarri ahal izateko” nabarmendu zuen. Eta azken jokaldiarekin kexu zen. “Falta argia izan da” azpimarratu zuen. 

Ostiralean Cartagena hartuko du
Gauzak horrela, Levante da 1. mailako ligako liderra (57 puntu), Palma Futsali bi puntu aterata (55 puntu). Osasuna Magna Xota 11. postuan dago (32 puntu), play-off postuetatik 5 puntura. Asteburuan 28. jardunaldia jokatuko da eta Osasuna Magna Xotak sailkapenean hirugarrena den Jimbee Cartagena hartuko du, ostiralean, 20:00etan, Anaitasuna Pabilioian. Partida zaila izanen da, baina ea etxean jokatzeak ematen dien konfiantzarekin hiru puntuak eskuratzen dituen. Hori baita Osasuna Magnaren helburua: lehenbailehen mailari eusteko beharrezkoak diren puntuak lortzea.