Udalak lankidetza proiektuak lagunduko ditu

Guaixe 2021ko api. 26a, 09:07
Irurtzungo herriaren etxea.

Gobernuz Kanpoko Erakundeek beraien eskaerak maiatzaren 31ra arte aurkeztu ditzakete udaletxean.

Hirugarren Munduko herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) dirulaguntza emanen die Irurtzungo Udalak. Horretarako laguntza deialdia egin du, 10.970 euro dituena. Deialdiaren helburua ere bada irurtzundarrak sentsibilizatzea eta herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak egitea, haien bidez Iparraren eta Hegoaren arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoen inguruko jokabideak aldatzeko. 

Irurtzungo Udalaren deialdian irabazi asmorik gabeko GKEk eta elkartasun erakundeek parte hartu dezakete, betiere egoitza soziala edo delegazio iraunkorra Nafarroan badute eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude. Proiektuak Irurtzungo Udalaren Idazkaritzan aurkeztu beharko dira, CD-R formatuan. Erakunde bakoitzak edo elkartasunezko erakunde bakoitzak proiektu bakar bat soilik aurkez dezake.

Balorazioa
Udaleko Ebaluazio-Batzordeak aurkezten diren proiektuetan bereziki baloratuko ditu hainbat helburu lortzera bideraturiko alderdiak, besteak beste: bizi-baldintzak hobetzea eta sektore oso behartsu edo baztertuei laguntza ematea; emakumezkoen bizi-baldintzak hobetu eta haren eskubide zein aukerak sustatzea; aukera berdintasuna sustatzea edota bertako herritarren parte hartzea eta prestakuntza sustatzea, autokudeaketaren bitartez.

Horretaz aparte, Irurtzungo Udalak “bereziki baloratuko” du proiektuak ondoko helburuekin zerikusia duten jarduerak izatea: ingurumena babestea; proiektuetan erabilitako baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak onura jasoko duen herriaren ingurukoak izatea; herrialdeko kontrapartea egotea, proiektuaren exekuzioaz bere gainean hartzeko eta proiektuaren beraren diseinua eta garapena paritatea eta aukera-berdintasuna kontuan harturik egitea.