Areto futbola

Polemika duen porrota

Guaixe 2021ko api. 26a, 11:35

Osasuna Magna Xotak 3 eta 4 galdu zuen, ostiralean, Cartagenaren kontra. Arbitroak Osasuna Magnari gol bat baliogabetu zion, Mancusok atea mugitu zuela argudiatuta, baina talde berdeak dio hori gezurra dela. Asteazkenen El Pozo hartuko du Osasuna Magnak, Anaitasunan

Osasuna Magna Xotak sailkapenean hirugarrena den Jimbee Cartagena taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan, 480 ikusleen aurrean. Partida oso lehiatua izan zen, baina hiru puntuak Cartagenara joan ziren, polemika tarteko. Izan ere, arbitroak gol bat baliogabetu zion Osasuna Magna Xotari 38. minutuan, berdinketaren gola izango zena, arbitroaren irudikoz Mancusok atea mugitu zuelako. Talde berdea haserre dago, argi dutelako Mancusok ez zuela atea mugitu. Kontuak kontu, talde nafarra punturik gabe geratu zen. 

Osasuna Magna Xotaren eta Cartagenaren arteko partida ez zen erraza izan. Cartagenak 3. postuari eutsi nahi zion eta talde berdeak, aldiz, kategoriari eusteko borrokan jokoan zeuden hiru puntuak eskuratu nahi zituen. Horrela, lehia borrokatua izan zen. Talde berdeari kontra jarri zitzaion partida, Cartagena 0 eta 3 aurreratu baitzen, baina Imanol Arregiren mutilek ez zuten etsi eta, gutxika, partidari buelta ematea lortu zuten, Mancusok eta Fabinhok sartutako golei esker. Bigarren zatiari ongi ekin zioten berdeek, baina Osasuna Magna bere unerik onenean zegoenean laugarren gola sartu zuen Cartagenak. Nafarrek erasoan jarraitu zuten eta Cesarrek hirugarren gola sartu zuen. Eta handik gutxira iritsi zen jokaldi polemikoa. Mancusok gola sartu zuen, launako berdinketa ekarriko zuena, baina gutxi iraun zuen pozak; arbitroaren irudikoz Mancusok atea mugitu zuen gola sartu baino lehen, eta gola baliogabetu zuen. Eta 3 eta 4 galduta, puntuak Cartagenara joan ziren. 

Oso haserre zeuden Osasuna Magna Xotakoak. “Arbitroak esan du Diegok atea mugitu duela eta gero gola sartu duela. Eta hori gezuarra da. Baloiak atean jo du, atea mugitu da, Diegok aldaratutako baloia jaso eta orduan sartu du gola” azaldu zuen, haserre, Imanol Arregi entrenatzaileak. Arbitroekin oso kritiko izan zen. “Aurreko egunean, 7 segundoren faltan, kontrako falta seinaleztatu ziguten. Eta gaur hau. Ba kitto. Hau da dagokiguna” gaineratu zuen. 

Asteazkenean El Pozo Murcia aurkari
1. mailako areto futboleko sailkapenean Levante da liderra (60 puntu) eta Osasuna Magna Xota 12. postuan dago (32 puntu). Asteazkenean sailkapenean 4. den El Pozo Murcia taldea hartuko du talde berdeak, Anaitasunan, 20:00etan, atzeratutako partida. Talde irurtzundarrak beste partida zail bat du aurretik.