Ostirala apirilaren 23 izan zen, Liburuaren nazioarteko eguna. Literatura Unibertsalaren bi idazle ospetsuenen heriotzaren urtemuga aitortzen da: Cervantes eta Shakespeare. Liburutegiak, liburu dendak eta hirietan liburu azokak bisitatzeko eguna. Ehunka eta milaka liburu gordetzen dituzte, milioika hitz, milaka istorio. Literaturaren munduan egun berezia bada ere, liburuak dauden toki horiek egunerokotasunean bisitatu beharko lirateke, Nerea Balda Sanjuan idazle irurtzundarrak egiten duen bezala.
Zer da zuretako liburuaren eguna?
Horrelako egunak egiten direnean zerbaiti nolabaiteko aitorpena egiteko egiten dira, eta kasu honetan literaturari egiten zaion aitorpen bat. Bereziki egun honetan gustuko izaten dut liburu azokak bisitatzea eta horren inguruan mugitzea. Altsasu Institutuan bertan egiten diren ekitaldietan parte hartzen dut ere. Egunero egiten den zerbait da, irakurri edo liburu dendak bisitatu, baina egun hau aitzakia hartuta aitorpen hori egiteko modu bat da.
Liburuaren eguna ospatzea beharrezkoa da?
Literaturak garai zaila bizi du. Orain beste entretenimendu mota asko daude, ikus-entzunezkoak gehienbat. Gazteengan ikusten da joera handiagoa dutela horietara jotzera, erraztasunagatik eta azkartasunagatik. Jendarte osora hedatu da. Garai batean agian jendeak gehiago jotzen zuen literaturara entretenimendu edo jakintza moduan ere. Orain aukera askoz gehiago ditugu. Literaturak lehiakide gehiago ditu. Baina iruditzen zait literaturak eskaintzen dituela horiek eskaintzen ez dituzten beste gauza batzuk: liburu bat hartzen duzunean beste pausa bat eskatzen du, beste denbora bat, zerbait lasaiagoa, gauzak ulertzeko beste modu bat. Hori zabaldu behar da, gogorarazi.
Konfinamenduak irakurzaletasuna handitzeko lagundu omen du.
Denetarik entzun dut. Jendeak denbora gehiago izan zuen eta badirudi bai literatura bai musika eta arteak orokorrean indarra hartu zutela. Aldi berean, liburu dendak itxita egon ziren, eta ez zen erosteko aukerarik. Gero ikusi zen halako bultzada bat ireki zituztenean. Bi aldeak ikusten dira. Etxean zeuden liburuak irakurri edo jendeak beste plataforma batzuetara jo du, online, eta liburuak berak objektu bezala indarra galdu zuen.
Gaurko egunean erosteko liburu zerrenda duzu?
Zerrenda amaigabea dut. Batzuk sartzen dira eta beste batzuk atera. Zerrenda idatzita ez daukat, baina buruan asko. Egia esan, urtean zehar eskuratzen ditut liburuak. Gustuko ditudanean edo liburu denda batera joaten naizenean. Normalean zaila izaten da ezer gabe ateratzea. Udaberri buelta hau eta Durangoko Azoka izaten dira liburuak ateratzeko garaia. Zer aterako den ikusteko zain nago, beti egoten da zer edo zer.
Zer nolako liburuak gustatzen zaizkizu?
Denetarik, egia esan. Ez daukat bereziki gustukoagoa dudan arlo edo generorik. Saiatzen naiz denetarik irakurtzen. Gustuko izaten dut egunerokoan oinarritutako istorioak irakurtzea, zerbait aukeratzerakoan pertsonaien eguneroko bizimodua azaltzen dena. Baina edozer irakurri dezaket.
Azken aldian irakurri dituzunen artean, gomendiorik?
Azken boladan hainbat itzulpen irakurri ditut. Normalean euskaraz irakurtzen dut. Gaztelaniaz ere bai, baina saiatzen naiz euskaraz irakurtzen eta azken urteetan nire ustez oso itzulpen onak egin dira. Orduan, azken boladan itzulpen batzuk irakurri ditut. Esaterako, oso gustuko izan ditudan bi: Muskuiluak afaltzeko Birgit Vanderbeke idazle alemandarrarena, Ainhoa Irazustabarrenak itzulia eta Erabili goldea hilen hezurren gainetik Olga Tokarczuk poloniarrarena, Amaia Apalauza eta Sonia Kolaczek itzulia. Harrapatu naute pila bat. Ez da beti horrela gertatzen. Kanpoko literatura gaztelaniaz iristen zaigunez, horretara jotzen dugu. Baina euskaraz gaur egun oso itzulpen onak egiten dira, eta badugu aukera idazle hauengana gerturatzeko.
Liburu bat hasten duzunean, eta ez zaizunean gustatzen, zer egiten duzu?
Ez dut beti gauza bera egiten. Normalean saiatzen naiz aurrera egiten, aukera ematen diot. Gertatu izan zait aukera ematea, eta ongi. Batzuetan kostatzen da gehiago, ez dakit kontakizunagatik edo norberaren egoeragatik. Behin momentu batera iritsita ikusten badut ezinezkoa dela uzten dut. Zerrendan hainbeste edukita, hobe uztea. Beste momenturen batean hartuko dut. Beste momentu batean hartu eta bigarren aldi horretan aurrera egiten duzu. Liburu batzuek badituzte haien momentua ere. Beste batzuetan argi ikusten dut ez dela niretzat. Adinaren araberakoa izan daiteke ere. Niri gertatu izan zait oso gazte nintzela eta ezin, baina urte batzuk beranduago bai.
Liburuak azpimarratu edo idatzi, edo bere horretan utzi?
Normalean zerbait apuntatu nahi badut edo jaso nahi badut beste nonbaiten idazten dut. Batzuetan papera gertu ez izan eta agian apuntatzen dut. Baina normalean ez. Markatu behar baditut markatzen ditut. Gertatu izan zait zikintzea ere, kafearekin irakurtzen egon eta gainera erori. Kontua da gustura irakurtzea, eta hor gertatzen dena, gertatuko da.
Irakurketa non utzi duzun jakiteko orria tolestu edo orri markatzailea?
Orri markatzaileak erabiltzen ditut eskura baldin baditut. Behin hasi nintzen, ez dakit bilduma deitu, baina oporretan joaten zarenean jendeak bolada batean opari bezala ekartzen zizkidan eta pila bat ditut. Saiatzen naiz orri markatzaileak erabiltzen. Batzuetan liburu baterako erabili izan badut, hurrengorako aldatzen dut.
Zein da zure bizitzako libururik gustukoena?
Oso galdera zaila. Baditut batzuk bereziki gogoan ditudanak. Denbora pasatuta ahaztu egiten zaizkizu batzuk, eta badira beste batzuk hor gelditzen zaizkizunak, edo bueltatzen direnak gomendatzen dituzulako. Hasieran beldurra nien batzuk ditut gogoan, eta gero asko gustatu zaizkidanak; esaterako, Angel Lertxundiren Otto Pette oso liburu ona iruditzen zait. Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean liburu bat da baina bost narrazio labur agertzen dira eta horien barruan eleberri batzuk, eta estilo erabat desberdina Nora ez dakizun hori Irati Jimenezena. Denbora pasatuta buruan gelditzen zaizkizun liburuak dira, eta askotan gomendatzen ditudanak.
Poesia edo narrazioa?
Irakurtzeko entretenimendurako erabiltzen denean eleberria izaten da, gehien bat. Poesia gutxiago. Agian, poesia gehiago idazten dut irakurtzen dudana baino. Hori egia da. Duela bi urte hasi nintzen Nafarroako Ateneoak martxan jarri zuen poesia irakurketa talde batean, Joxe Miguel Bidador poesia taldea, eta ongi etorri zitzaidan poesia irakurtzeko. Poesiak lan edo beste kontzentrazio bat eskatzen du. Nik behintzat ez dut poesia liburu bat hartzen eta zuzenean bukatzen. Poesia bat irakurtzen dut, gero beste bat, gaur hauek eta bihar beste batzuk. Aukera eman zidan poetak ezagutzeko ere. Hala ere, boladak izaten ditut. Baina, gehienbat, eleberria irakurtzen dut.
IDAZLEA
Eta idazteko zer nahiago duzu, poesia edo narrazioa?
Gaiaren arabera izaten da, momentuaren arabera… Narrazioak eskatzen du jarraipen handiago bat, poesia momentu batean idatz dezakezu, arratsalde batean. Gero agian bueltak eta aldaketak egingo dizkiozu, baina eleberriak jarraipen handiagoa eskatzen du. Orduan, ez nuke aukeratuko edo jakingo esaten zer nahiago dudan. Batzuetan modu batera ateratzen da, eta besteetan bestera.
'Atzerrian' liburutegi bateko irakurrienen artean zegoen. Nola hartu zenuen?
Nahiko sorpresa ona izan zen. Eibarko liburutegian zen eta 2020ko irakurrienen artean zegoen Karmele Jaioren Aitaren etxea, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta gero ikusi nuen nire aurpegia zegoela. Sorpresa handia izan zen, batez ere, liburuek normalean ateratzen direnean izaten dituztelako irakurle gehien, eta bada denbora bat argitaratu zela. Nire burua Harkaitz Canoren eta Karmele Jaioren artean ikustea… polita izan zen.
Argitaratu zenuenean, horrelakorik espero zenuen?
Argitaratu nuenean ez nekien zer gertatuko zen. Horrelako zerbait idazten nuen lehendabiziko aldia zen, ez nintzen ezaguna… Ez nekien nolako ibilbidea izan zezakeen. Lehenengo hilabeteetan pare bat irakurle taldetatik deitu zidaten eta hori bai aukera bat izan zela. Tarteka norbaitek esaten dit liburua irakurri duela eta liburua liburu dendetan ikusten dudenean, oraindik hortik dabilela dirudi.
Nolako esperientzia izan da irakurle klubetara idazle bezala joatea?
Oso interesgarria da bi aldeetatik: idazlearentzat eta irakurlearentzat. Hor jasotzen dituzunekin ikusten duzu esan nahi zenuenaz gain jendeak beste gauza batzuk jaso dituela. Oso interesgarria iruditu zitzaidan; zuk gauza bat kontatu nahi duzu, eta gero konturatzen zara zer nolako bidea hartzen duen irakurlearenganaino iristeko. Hor jasotzen dituzu zuk nahi zenituenak eta beste asko. Nik hori dena esan dut, nahi gabe, agian. Baina hor dago. Irakurle bezala bizi izan ditudanean, idazleak gauzak zergatik egin dituen ikustea, nola bideratu duen…
Nafarroako Ateneoaren poesia saria irabazi duzu. Espero zenuen?
Zerbait aurkezten duzuenean aukera beti hor dago. Irabazteko edo ez irabazteko aukera. Sorpresa polita izan zen. Egia esan, azken hilabeteetan ez dut asko idatzi, eta aukera zegoela entzun nuenean, jarriko nintzela pentsatu nuen. Batzuetan badirudi inspirazioa datorrela, baina ez da horrela. Batzuetan horretara jarri behar zara. Zerbait atera zen eta egindakoarekin konforme gelditu nintzen. Egia da, beste lan batzuei denbora gehiago eskaini diedala eta gero ez dute horrelako arrakastarik izan. Nire burua idaztera bultzatzeko egin nuen. Epaimahaikideek esan zidaten lan dezente aurkeztu zirela, 29 bat, eta maila altua zela, zaila egin zitzaiela. Dirudienez, jendeak irakurri ez ezik, gehiago idatzi duela.
Literatura sariak jasotzera ohituta zaudela esan daiteke. ‘Atzerrian’ horrela jaio zen, ezta?
Iruñeko Udaleko Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan parte hartu izan dut, eta liburua Getxoko Ramiro Pinilla sariketatik atera zen, bai. Idazten jartzen zara eta idazten duzu, baina sariketek helmuga bat jartzen dizute: halako narrazio bat egin behar duzu. Zure burua horretara bultzatzen duzu. Horretatik bizi ez garenok sariketek aukera ematen digute horretarako, helmuga bat izateko, motibazio bat. Behin aurkeztuta ikusi duzu gustukoa izan den, ona izan den eta abar. Ni gustura gelditu naiteke, baina ikusi beharko da balio duen. Eleberriarekin gertatu zitzaidan idatzita neukala, apartatuta, ez nuen uste argitaratzeko modukoa izango zenik. Gero sariketaren bidez ikusi zen baietz.
Zer sentitzen duzu orri txuri baten aurrean?
Inspirazioa ez da hainbestetan etortzen. Ideia bat izan dezakezu momenturen batean, baina garrantzitsuena da jartzea. Azkenengo urteetan ikasi dudan zerbait da, nahiko argi dudana. Orri txuriaren aurrean sentsazio desberdinak daude. Batzuetan ideia jakin batekin joaten zara eta beste batzuetan ezer gabe. Esaterako, azkenengo lehiaketa honetarako atzerritarrei buruzko poema bat idatzi behar nuen. Batzuetan nola hasten zaren beldurra ematen du, baina beti daukazu aukera itzultzeko.
Eta zerbait berezia behar duzu idazteko?
Idazten dut oso modu desberdinetan. Isiltasunak laguntzen dit, baina idatzi izan dut telebista jarrita ez dakit non eta jendea nire atzetik pasatzen. Baina egia da bakarrik egoteak laguntzen didala. Etxean bakarrik gelditu naizenean aprobetxatu izan dut. Baina modu askotara idatzi dut. Gainera, gogoa eta ideia baduzu, nahiko argi ateratzen da.