Areto futbola

Osasuna Magna Xotak El Pozo hartuko du gaur Anaitasunan, Imanol Arregi gabe

Guaixe 2021ko api. 28a, 13:00
Imanol Arregik ezingo du Anaitasunan egon. Beste modu batez eman beharko ditu aginduak. Argazkia: Artxiboa.

Atzeratutako partida bat da eta 20:00etan hasiko da. Puntuak lortu beharrean dago talde berdea eta Imanol Arregi ezingo da Anaitasunan egon, positibo eman duen pertsona batekin harreman zuzena izan eta PCR-aren emaitzen zain dagoelako

Osasuna Magna Xotak eta El Pozo Murciak ligako atzeratutako partida jokatuko dute gaur, asteazkenean, 20:00etan, Anaitasunan. Imanol Arregiren taldearendako partida garrantzitsua da, lehen mailari eusteko borrokan puntuatzea behar baitu talde berdeak. Partida zuzenean ikusi ahalko da Navarra Television eta LaLigaSports TV telebista kateetan.

Gogoratu behar da El Pozo Murcia lehen mailako oilarretako bat dela. Egun sailkapeneko 4. postuan dago talde murtziarra (44 puntu), bi partida gutxiagorekin, eta Osasuna Magna Xota 12. postuan dago (32 puntu), partida bat gutxiagorekin. Jakina, partida zaila du aurretik Osasuna Magna Xotak, baina talde irurtzundarra ez da kikilduko. Nahiz eta lesionatua dagoen Roberto Martil kapitainaren eta Aitor jokalariaren falta izan, eta nahiz eta Imanol Arregi entrenatzailearen falta izan. 

Imanol Arregik dio taldeak “bere mailarik onenean” jokatu beharko duela
Izan ere, Imanol Arregik ezingo du Anaitasunan egon. COVID-19an positibo eman duen pertsona batekin zuzeneko harremana izan zuen entrenatzaile irurtzundarrak eta konfinatuta dago, astelehenean egindako PCR-aren emaitzen zain. Imanol Arregik azaldu zuenez, El Pozo “arerio oso latza” da. “Eta horregatik, gure mailarik onenean jokatu beharko dugu. Defentsan serioago aritu beharko dugu, azkenaldian gol gehiago jasotzen ari garelako. Eta kontrako atera gehiago iristen ari garen honetan, ea jaurtiketak fintzen ditugun eta beharrezkoak ditugun hiru puntuak lortzen ditugun” azaldu du teknikariak.