Areto futbola

Osasuna Magnari arazoak pilatu zaizkio

Guaixe 2021ko api. 29a, 11:30

Talde berdeak galdu egin zuen El Pozoren kontra. Bere hirugarren porrota da jarraian, eta lehen mailari eusteko borrokan, egoerari buelta eman beharrean dago. Larunbatean Cordoba izango du aurkari

Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia taldea hartu zuen atzo arratsaldean Anaitasunan, atzeratutako partida. Ligako oilar baten kontrako hirugarren partida zen jarraian, Palmaren eta Cartagenaren taldeen ondotik, eta partida gogorra espero zen. Imanol Arregik ezin izan zuen Anaitasunan egon, positibo eman duen pertsona batekin harreman zuzena izan eta gero konfinatua dagoelako, eta Miguel Hernandez bigarren entrenatzaileak hartu zuen bere tokia. Roberto Martil kapitainaren eta Aitorren baja zuen taldeak, eta guztia batuta, egoera arraroa zen talde irurtzundarrarendako. 

Osasuna Magna Xotak 450 zaleren babesa izan zuen Anaitasunan. Eta beharko. Azkeneko bi partidak galtzetik zetorren, eta El Pozo handietako bat da. Bere aldetik, talde murtziarra animoz gainezka iritsi zen Iruñera, jarraian 6 garaipen lortu eta gero. Bi taldeek asko zuten jokoan, Xotak kategoriari eusteko beharrezko puntuak, eta El Pozok sailkapenean gora egiteko aukera. Horrela, bi taldeak gogotsu hasi ziren kontrako atea bilatzen. Osasuna Magnak Juanjok defendatzen zuen iristen zen behin eta berriz, baina aukerak ez zituen gauzatzen; zenbait jaurtiketek El Pozoren zurtoinetan bukatu zuten. Gauzak horrela, El Pozok mustu zuen markagailua, 8. minutuan, Pol Pachecok sartutako golari esker. 16. minutuan Xotak Fabinho galdu zuen, min hartuta, eta aldageletara burumakur joan ziren jokalari berdeak, Bynhok berdintzeko izan zuen aukera alferrik galdu eta gero. 

Bigarren zatian partida berdintzera atera ziren jokalari berdeak, baina El Pozoko Cholo Salasek Junhinhoren presiotik ihes egitea lortu zuen eta El Pozoren bigarren gola sartu zuen. Berdeek ez zuten behera egin eta Junhinho bera izan zen Osasuna Magnaren markagailua mustu zuena; 1 eta 2 hurbildu zen talde nafarra. Baina gutxi iraun zuen pozak, El Pozok hirugarren gola sartu zuelako, eta berdeei egoera maldan gora jarri zitzaien arbitroak Wanderson kaleratu zuenean, esku bat tarteko. Egoera larria zen, baina berdeen bigarren gola sartzea lortu zuen Cesarrek eta 2 eta 3 gerturatu ziren Osasuna Magnakoak. Azken unean atezain jokalari formula erabili zuten, baina partida bukatzeko 3 minuturen faltan El Pozok laugarren gola sartu zuen eta hiru puntuak Murtziara joan ziren. 

Imanol Arregiren tokia hartu zuen Miguel Hernandez bigarren entrenatzaileak jokalarien esfortzua eskertu zuen. “Partida bukaeraraino taldeak guztia eman du, baina El Pozo barkatzen ez duen arerioa da” azaldu zuen Hernandezek. 

Larunbatean Cordoba aurkari
1. mailako ligan Levante da ldierra (60 puntu) eta El Pozo Murcia 2. postura igo da (57 puntu), partida bat gutxiagorekin. Osasuna Magna Xota 12. postura jaitsi da (32 puntu). Larunbatean, puntu berberekin sailkapenean 13.a den Cordoba taldearen kontra ariko da talde nafarra, 13:00etan, Cordoban (LaLigaSportsTV). Arerio zuzenen arteko partida erabakigarria da, jokoan dauden 3 puntuak 1. mailako ligari eusteko borrokan ezinbestekoak baitira.