Areto futbola

Puntu bat lehen mailari eusteko borrokarako

Guaixe 2021ko mai. 3a, 10:34

Osasuna Magna Xotak bina berdindu zuen arerio zuzena den Cordobaren kontra eta jaitsiera postutik aldentzeko bidean puntu garrantzitsua lortu zuen

Larunbatean Cordoban jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, izen bereko taldearen kontra. Bi taldeek puntu berberak zituzten, 32, eta, hortaz, arerio zuzenen arteko partida borrokatua izan zen Cordoban jokatutakoa. Atzera ere bigarren entrenatzaileak, Miguel Hernandezek, hartu zuen taldea gidatzeko ardura, Imanol Arregi konfinatuta baitago, positibo eman zuen gertuko batekin harreman zuzena izan eta gero. 

Osasuna Magna hobeto hasi zen. Berdeek baloia ongi mugitzen zuten, eta aukera politak sortu zituzten. Hala ere, Cordoba aurreratu zen, 17. minutuan Saurak sartutako golarekin. Baina atsedenaldira joan baino segundo batzuk lehenago Juninhok berdintzea lortu zuen. Bigarren zatira gogotsu atera ziren bi taldeak, eta kontrako atean arriskua sortu zuten. Zorigaiztoko jokaldi batean, baloiak Ion Cerviño gazte irurtzundarraren kontra jo eta Asierren atean sartu zen, eta Cordobakoak aurreratu ziren markagailuan. Talde berdeak ez zuen behera egin, eta atzera ere Juninhok berdintzea lortu zuen, Cesarren jokaldi bikaina borobilduz. Bi taldeak gogor saiatu ziren, baina partida binako berdinketarekin despeditu zen, eta 1. mailari eusteko borrokan puntutxo bat ekartzea lortu zuten berdeek, azkeneko 5 porrotei buelta emanez. 

Aipatzekoa da Areto Futboleko Liga Nazionalak Cesarrek eta Juninhok egindako jokaldia, Osasuna Magnaren bigarren gola izan zena, jardunaldiko bigarren jokaldirik onena izendatu duela.

Hernandezen ustez “gehitzea eta azkenaldiko dinamikari buelta ematea” da garrantzitsuena
Osasuna Magna Xotako bigarren entrenatzaile Miguel Hernandezen ustetan talde berdeak irabazteko aukerak izan zituen, baina azken bost jardunaldiak jarraian galdu eta gero, lortutako puntuari balioa eman zion. “Egoera zailean dauden bi talderen arteko partida lehiatua izan da hau, eta edozein gailendu ahal izan da. Hiru puntuak nahi genituen, baina galdu ez izana da garrantzitsua, puntu bat gehitzea eta azkenaldiko dinamikari buelta ematea. Bi taldeek irabazteko aukera izan dugu, baina ez dugu asmatu” nabarmendu zuen. 

1. mailako liderra Levante da (60 puntu) eta Osasuna Magna Xota 13. postuan dago (33 puntu). Larunbatean 39 punturekin sailkapenean 7. postuan dagoen Valdepeñas izango du aurkari Osasuna Magnak.