Joana Ziganda Olano

"Aixita mimo handiz antolatutako bertso saioa da"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 13a, 14:32
Aixita bertso saioaren antolatzaileak. UTZITAKOA

Irurtzungo I. Aixita bertso sariketa antolatu du Pikuxar euskal txokoak. Maiatzaren 15ean, 17:30etik aurrera, jokatuko da eta Euskal Herriko bertsolari gazteek parte hartuko dute

2020. urtean jokatzekoa zen Irurtzungo I. Aixita bertso sariketa. Dena prest zuten, baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten. Bertan behera utzi baino, egitasmoa atzeratu zuten eta aurten I. Aixita bertso sariketa jokatzeko unea iritsi da. Maiatzaren 15ean, larunbata, 17:30ean, izanen da, Irurtzungo kultur etxean.

Zergatik deitu diozue Aixita?
Antolaketa lanetan hasi ginenean, izen berezi baten bila ari ginen. Nahi genuen irurtzundarrentzako, arakildarrentzako eta inguruko jendearentzako erreferentziazko zerbait izatea, eta pentsatu genuen Aixita polita izan zitekeela. Aixita Bi Aizpetan kokatuta dagoen gaztelu bat da. Orain hondarrak daude, eta ilusio handiz ari dira berreskurapen lanetan. Dagoeneko zerbait ikusten da. Iruditu zitzaigun gaztelu horrek baduela bere garrantzia eta jendeak baduela bararekin hurbiltasuna. Ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaigun.

Irurtzunen bertso zaletasuna badago?
Nik uste dut baietz. Ez da zerbait herri guztiak duena, baina nik uste badagoela bertso zaletasuna. Iratxon bertso afaria egin da urte luzez, Pikuxarren azken urteetan hainbat gauza egin dira, bertso desafioak esaterako, eta Nafarroako Izeta bertso sariketaren saio bat bertan egin zen urte batean. Duela bi urte bertso tailer batekin hasi ginen eta horretan jarraitzen dugu. Azken urteetan ere gaztetxoen bertso eskola atera da. Mugimendua badago. Inguruan ere zerbait egiten denean jendea joaten da.

Nortzuk zabiltzate antolatze lanetan?
Berez antolatzailea Pikuxar euskal txokoa da. Irurtzungo eta Arakilgo udalen babesa jaso du, eta Laboral kutxaren laguntza ere badu eta MECNAren barruan dago. Baina talde antolatzailean Pikuxarreko kideak eta bertsolaritzaren munduko bertsolariak gaude, eta gai jartzaile bat ere bada. Horiek, gutxi gorabehera.

Zergatik bertso sariketa bat antolatu?
Gazteendako sariketak badaude, baina Nafarroan Nafarroa mailakoak dira. Bertsolari nafarrekin. Hau prestatzen 2020an hasi ginen, berez 2020an egin behar zen, eta momentu horretan ez zegoen Euskal Herri mailako bertso sariketarik. Iruditu zitzaigun halakoak sustatzea ongi dagoela, eta Irurtzun kokaleku ona izan zitekeela. Horregatik antolatu zen bertan. Dena den, aurten Euskal Herri mailan beste sariketa bat egon da, Señora sariketa, Lesakan izango da finala. Baina hori ere berria da.

30 urtez azpiko bertsolariek parte hartuko dute, ezta?
Askotan sariketa hauetan adin muga beheraxeago egoten da, baina iruditu zitzaigun erreferentzia bat jartzeagatik 30 urte izan zitekeela pixka bat luzatzeko eta zabaltzeko adin eremu hori. Batzuk muga horretan daude, baina egia da aurreko urtean egin genuen gonbidapena mantendu dugula.

Zer moduz doaz prestaketak?
Gehiena edo garrantzitsuena antolatuta dago, eta prest dugu. Txapela dagoeneko prest daukagu eta gutxi gorabehera dena antolatuta dago. Egunari begira azken lanak ixten joan beharko gara.

Zer bertsolarik parte hartuko dute?
Eli Pagola, Imanol Uria, Iker Gorosterrazu, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza eta Xabi Igoa egongo dira. Baietz esan ziguten segituan, eta gu oso pozik. Nik uste dut horrelako sariketak politak direla beti, eta egia da aurten izan dugun egoeragatik beste plaza bat dela. Pentsatu nahi dut horrek lagundu duela. Baina bertsolarien borondatea oso ona izan da.

Oreka geografikoa kontuan izan duzue.
Saioa eta Iker nafarrak dira, Eli gipuzkoarra, Maddi lapurtarra, Imanol bizkaitarra eta Xabi arabarra. Ideia da herri desberdinetako bertsolariak izatea. Bi nafar jarri ditugu eta horrela izatea nahiko genuke aurrerantzean ere, baina bestela toki desberdinetatik etortzea nahi dugu.

Nolako sariketa izango da?
Sariketa antolatzen hasi ginenean elkarte giroko sariketa izatea nahi genuen: afari baten inguruan, beste giro batean. Orduan, egungo egoerara egokitu behar izan dugu. Arratsaldeko plana izango da, 17:30ean hasiko da, eta bi fase izango ditu. Lehendabizikoa kanporaketa saioa deitu dioguna, eta hor sei bertsolariek parte hartuko dute. Ofizioka zortziko handian, zortziko txikia, kartzela eta gai bati bi bertso egin beharko dituzte. Hortik bi bertsolari buruz burukora pasako dira. Gutxi gorabehera 19:45ean jarri dugu. Bertan beste ariketa batzuk egin beharko dituzte: agurra, ofizioa hamarreko txikian, seiko motza, gai baten inguruko bi bertso eta abar.

Sarrerak erosi behar dira?
Sarrera doakoa izango da, baina email batera idatzi behar da gonbidapena izateko: aixitabertsosariketa@gmail.com. Edukiera mugatua izango da, eta gonbidapena hartuz gero azken orduan joan ezin duenak aurretik abisatzea eskatzen dugu. Pikuxar euskal txoko berrian izatea nahi genuen, eta agian azken momentuan bukatzen dituzte obrak. Baina momentuz kultur etxean izango da, neurri guztiei erantzunez. Oso bertsolari onak dira eta mimo handiz antolatutako saioa da.