Igerilekuan lan egiteko zortzi langileren bila

Guaixe 2021ko mai. 12a, 10:04
Irurtzungo igerilekuak.

Irurtzungo Udalak igerileku sasoian kirol azpiegituran lan eginen duten sorosleak eta mantentze lanez arduratuko den langileak behar ditu. 

Launa sorosle eta mantentze arloko langile kontratatu nahi ditu Irurtzungo Udalak igerilekuan aritzeko. Garagartzaroaren 12tik irailaren 12ra arte ariko dira lanean. Langile bakoitzak hiru egunez lan eginen du jarraian eta laugarrena jai izanen du. Hiru ordutegi zehaztu ditu udalak: 08:00etatik 15:00etara, 15:00etatik 22:00etara eta 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era. 

Ur sorosle postuetarako hautagaiek titulazioa eta euskara jakiteaz aparte, desfibriladore ikastaroa egin izanaren froga agiria izan beharko dute. Eta Nafar Lansaren lan bilatzaile gisa inskribatuta egon beharko dute. Horien ziurtagiriak, nortasun agiriaren kopia eta eskabidea aurkeztu beharko dituzte udaletxean. 

Mantentze lanetan aritu nahi dutenei udalak Nafar Lansaren langabe gisa izena emanda egotea eta euskara jakitea eskatzen die. Eskabidea egiterakoan, horien ziurtagiriak eta nortasunaren kopia aurkeztu beharko dituzte. Lanpostuetan interesa dutenek eskaerak aurkezteko epea astearteko 14:00etaraino dute.