1. Mailako Areto Futboleko Liga despeditzeko 3 jardunaldi falta dira. Eta 3 jardunaldi horiez gain, Inter Movistarren kontra atzeratutako partida jokatu beharra du Osasuna Magna Xotak. Hortaz, talde irurtzundarrak 4 hitzordu oso garrantzitsu ditu aurretik denboraldi honetako helburua lortzeko: 1. mailan jarraitzea. Lanbide horretan lesioa gainditzetik bueltan den Roberto Martil Fernandez kapitainaren itzulera oso ongi etorriko zaie.
Martxoaren 21ean Barçaren kontrako partidan lesionatu zen Roberto Martil. Kapitain irurtzundarrak 3 zentimetroko zuntz haustura izan zuen eskuineko bikian. “Sastada nabaritu nuen eta haustura nuen, nahiko handia. Baina errekuperazioa oso ongi joan da; fisioterapeutek eta prestatzaileak nirekin lan handia egin dute, eta jada ongi nago, taldearekin normal entrenatzen, Zaragozaren kontrako astearteko partidan kantxara bueltatzeko gogoz” azaldu du Robertok.
Sailkapena, oso estu
Taldekideek bere buelta eskertuko dute, kapitaina taldearen animatzaile handienetako bat delako eta halakoak beti eskertzen direlako. Egun 1. mailako sailkapenean 14. postuan dago Osasuna Magna Xota (36 puntu), partida bat gutxiagorekin, jaitsiera postuetatik 6 puntura. Sailkapena estu dago, bere gainetik dauden Jaen, Cordoba eta Ribera Navarra puntu batera daudelako, eta 10. postuan dagoen Zaragoza 3 puntura (39 puntu). Hiru jardunalditan sailkapena hankaz gora jar daiteke, eta 3 jardunaldietan zer esanik ez. Beraz, tentsio handiko liga bukaera izanen da. “Kontuan hartu behar da pandemiagatik talde askok bizpahiru partida atzeratuta dituztela. Beraz, puntu asko daude airean. Egoera zaila da, baina ea mailari eustea lortzen dugun” espero du Martilek.
Roberto Martil: "Zaleen beharra ere badugu. Guztion artean atera behar dugu hau aurrera”
Datozen hiru partidak, etxean
Talde irurtzundarrak hurrengo hiru partidak etxean jokatuko ditu. Asteartean, maiatzak 18, Zaragoza hartuko du Anaitasunan; maiatzaren 25ean Aspil Ribera de Navarraren kontrako derbia jokatuko du, eta maiatzaren 27an Inter Movistarren kontrako atzeratutako partida erabakiko da. Azkeneko jardunaldia Katalunian jokatuko du, maiatzaren 29an, Santa Colomaren kontra.
Geratzen zaizkion lau partidetatik hiru etxean jokatzea oso ongi etorriko zaio taldeari. “Gure etxean eta gure jendearen aurrean jokatzeak asko laguntzen du. Zaragoza, Aspil Ribera Navarra, Santa Coloma… gure antzeko mailan dauden taldeak dira; parean gaude. Inter Movistarren kontrako partida berezia izaten da, talde handi horien kontra jokatzea gustuko izaten dugulako. Baina guk Zaragozaren eta Aspil Riberaren kontrako partidetan pentsatu beharra dugu, arerio zuzenak direlako” nabarmendu du kapitainak.
Normalean bi talde jaisten dira 2. mailara, sailkapeneko azken biak, baina aurten sailkapeneko azken hiru taldeak mailaz jaitsiko dira eta 15. postuan sailkatzen den taldeak mailari eusteko promozioa jokatu beharko du. “Gainontzeko taldeetako jokalariekin hitz egitean ia gehienek berdina esaten dute, aurtengoa urte berezia dela, kategoriari eustea zailagoa dela. Eta hori da gehienen helburua, 1. mailari eustea” azaldu du Robertok.
Talde ia berria
Honi guztiari Osasuna Magna Xotak duen egoera gehitu behar zaio: aurten talde ia berria sortu behar izan du Imanol Arregik, Roberto Martil bezalako jokalari beteranoen laguntzarekin. “Denboraldi honetan taldearen egitura ia osoa aldatu behar izan dugu. Dani Saldise, Rafa Usin, Eric Martel, Araça... jokalari garrantzitsuak galdu ditugu, taldean 10 urte zeraman jendea. Orain jokalari gazteak ditugu, eta ia zerotik hasi gara. Dena den, oso pozik gaude; jokalari berriak taldera egokitzen ari dira, eta taldea aurrera ateratzeko borrokan gaude” gaineratu du kapitainak.
Martilek aipatu duenez, giro ona dute. “Aste zailak pasa ditugu, azkenekoak bezala, gure lesioei Imanol Arregiren falta gehitu zitzaiolako, konfinatuta baitzegoen. Talde indartsuen kontrako partidak ziren, ez genuen garaipenik lortu… Baina, zorionez, larunbatean Valdepeñasen kontrakoa irabazi genuen. Etxetik jarraitu nuen partida, eta oso gaizki pasa nuen. A ze lasaitua! Puntu horiek airea eman digute, bizia” aitortu du Robertok.
Sentsazio hobeak
Azken garaipena eta gero taldea hobe dago. “Lasaitasun gehiago dugu. Badakigu oraindik lana ez dela bukatu, baina sentsazio hobeak ditugu” nabarmendu du. Zaragozaren eta Aspil Riberaren kontrako lehiak garrantzitsuenak izanen dira, euren egoera berean daudelako. “Asko jokatu beharko dugu” dio kapitainak, jardunaldi erabakigarrien aurretik.
Kapitaina kantxara bueltatzeko irrikaz dago. “Oso gogotsu nago. Hilabete pasa daramat kantxetatik kanpo, eta ea asteartean taldea laguntzen dudan” dio. Kapitainaren buelta eskertuko du taldeak, baina Imanolek ezingo du Fabinho kantxaratu, asteazkenean belaunean ebakuntza egin ziotelako.
1. mailari eusteko helburuan zaleen babesa eskatu du Roberto Martilek, eta asteartean, 20:00etan, Anaitasunara gerturatzeko deia egin die. “Zaleen beharra ere badugu. Guztion artean atera behar dugu hau aurrera” ondorioztatu du.