Areto futbola

Osasuna Magna Xotak ez du lehen aukera baliatu

Guaixe 2021ko mai. 19a, 09:55

Atzo Futbol Emotion Zaragozaren kontra 3 eta 6 galdu zuen talde berdeak, akats nabarmenak tarteko, eta 1. mailari eusteko puntu oso garrantzitsuak poltsikoratzeko aukera galdu zuen

Osasuna Magna Xotak Futbol Emotion Zaragoza hartu zuen atzo Anaitasunan, 550 zaleren  aurrean. Lehen mailari eustea, hori da talde berdearen helburua, eta oso garrantzitsuenak liratekeen hiru puntu hegan egiten utzi zituen, 2 eta 0 aurreratu eta gero, Zaragozak partidari buelta eman eta 3 eta 6 irabazi baitzuen, talde irurtzundarraren zorigaiztorako. 

Lehen zatian Osasuna Magna nagusitu zen. Roberto Martil kapitain irurtzundarrak mustu zuen markagailua, 19. minutuan sartutako golarekin. Lesioa osatuta, sekulako partida egin zuen Robertok. Arerioa ongi markatu eta estutu zuen, taldea antolatu zuen, eraso egin zuen eta taldea animatu zuen etengabe. Bigarren zatia hasi eta berehala Juninhok talde berdearen aldeko gola sartu zuen. Baina Zaragozak ez zuen etsi; play-off postuetan sartzea zuen jokoan, eta, gutxika, partidan sartu zen bere lehen gola sartu arte. Hortik aurrera akatsak pilatzen hasi ziren berdeak. Kontrako atean jokaldi oso argiak huts egin zituzten, eta nahasmen egoera horri etekina atera zion Zaragozak, bina berdintzea lortu baitzuen. Egoera gehiago berotzeko, Juanpi golegileak Osasuna Magnako zaleak probokatu zituen. 

Eta hortik aurrera hasi zen Zaragozaren errezitaldia. Xotaren akatsak probestuz 3 eta 6 irabazi zuen Zaragozak eta lur jota utzi zuen talde nafarra. 

Hurrena, derbia
Sailkapenean, eta gaurko partiden emaitzen faltan, Jimbee Cartagena da liderra (61 puntu) eta Osasuna Magna Xota 14. postuan dago, 36 punturekin, promozio eta jaitsiera postuetatik 4 puntura. Datorren jardunaldian Osasuna Magna Xotak 40 punturekin sailkapenean 10. postuan dagoen Aspil Ribera Navarra talde tuterarra hartuko du, nahiko beroa aurreikusten den derbian, bi taldeak 1. mailari eusteko borrokan baitaude.