Igerilekuko taberna errentan emanen du udalak

Guaixe 2021ko mai. 21a, 11:03
Jendea Irurtzungo igerilekuan. Artxiboa.

Eskaintzak aurkezteko epea hilaren 28an despedituko da.

Irurtzungo Udalak jakinarazi duenez, udan igerilekuetan dagoen taberna kudeatzeko kontratua esleituko du. Udalak jakinarazi duenez, aurten igerileku sasoia garagartzaroaren 11tik irailaren 12ra izanen da. Horregatik, udalaren asmoa da igerilekuko tabernako errendamendua garagartzaroaren 1erako ematea, hura hartzen duenak igerilekua zabaldu bitartean taberna eta terraza behar bezala prestatzeko. 

Udalak ez du zehaztu errentan emateko preziorik, bai, ordea, taberna errentan hartzen duen pertsonak dituen betebeharrak: eguneroko ordutegia betetzea (osasun-erregulazioak ahalbidetzen duenaren barruan); tabernak eta terrazak garbi-garbiak eta zabaltzeko moduan egon beharko dute 11:00k baino lehen; udalak jarritako makinen matxurez arduratuko da, baina inolaz ere errentariek jarritako makinenez; egunean behin, gutxienez, ogitartekoak eskainiko ditu; garbiketa-materiala errentariak jarriko du; denboraldi guztian zehar edari, izozki eta haurrendako gozoki eskaintza nahikoa eta zabala eduki beharko da eta, azkenik, eguneko partea eginen du kalteren bat baldin badago. Udalak zehaztu duenez, instalazioaren itxiera udalaren ardura izanen da.