Hydro konpainiak jakinarazi du Irurtzungo lantegian Hydro Restore, aluminio birziklatua ekoizten hasi dela. Enpresatik azaldu dutenez, “aluminio birziklatuarendako kontzeptu bat da, erabili den txatarraren edukia, jatorria eta prozesamenduak ingurumenean izan duen eragina gardentasun osoz ezagutzeko aukera ematen duena”. Produktu berriarekin merkatuan “bereizi” egin nahi du konpainiak.
Hydro Extrusion Iberiako presidenteorde Ana Vazquezek gaineratu duenez, “hirugarrenek ikuskatutako Produktuaren Ingurumen Adierazpen baten bidez, txatarraren edukia eta nondik datorren erakusten du”. Izan ere, Hydro Restore sortzeko bi tokietatik hartzen dute birziklatzeko aluminioa Irurtzunen. Batetik, industria prozesuetan sortutakoa, kontsumitzailearengana azken produktu gisa iritsi ez den (kontsumitu aurreko txatarra). Eta, bestetik, bizitza erabilgarria izan duten elementuak, esate baterako, automobilgintzako piezak edo eraikin baten fatxadako osagaiak (kontsumitu ondorengo txatarra).
Esaterako, Hydroren Irurtzungo lantokian prozesatzen den Hydro Restoreren aluminioaren %80 birziklatutako aluminioa. Haren %34 kontsumitu ondorengo aluminioa da, eta %46 kontsumitu aurreko txatarra. Enpresatik azaldu dutenez, “Hydro Restoreren beste ezaugarri bat da ekoizpen-prozesuan sortu den karbono-aztarna ezagutzeko aukera ematen duela, Produktuaren Ingurumen Adierazpenaren bidez ziurtatua. Horrela, balio-kateko beste konpainia batzuek datu hori erabil dezakete produktuari buruzko beren ingurumen-adierazpenak sortzeko eta erosten ari diren produktuek duten eragina bezeroei gardentasunez erakusteko”.
Vazquezek aitortu du Hydro Restore merkaturatzeaz “harro” daudela, “gure Produktuaren Ingurumen Adierazpena oso emaitza onekin osatu ondoren, bai gure aluminio birziklatuarendako, bai gure profilendako, eta horrek jasangarritasunera bideratutako eta aluminioaren birziklapenean aitzindaria den enpresa gisa dugun posizionamenduari laguntzen dio”. Gaineratu duenez, “gainera, ekonomia zirkular eta tokiko eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du, txatarra jatorritik gertu jaso eta birziklatu baitaiteke”. Irurtzunez aparte, Portugalen, Avintesen, birziklatzen dute aluminioa.
Langilea aluminio urtuarekin lanean.
Metal iraunkorra
Aluminioa material iraunkortzat hartzen da, birziklatzeko erraza delako eta prozesuan zehar berezko ezaugarriak galtzen ez dituelako. Gainera, birziklatze-prozesuak aluminio primarioa ekoizteko behar den energia % 95 murriztea ahalbidetzen du, balio hori beste metal batzuena baino askoz handiagoa baita. Gaur egun, Europan aluminioa kontsumitzeko premien % 20, gutxi gorabehera, material birziklatuarekin asetzen dira, baina 2050erako % 50 inguru izango dela kalkulatzen da.
Hydrori buruz
Hydro aluminioaren sektoreko konpainia da eta 35.000 langile ditu kontinente guztietako 40 herrialdetan, eta tokiko esperientzia, irismen globala eta Ikerketa eta Garapenerako gaitasun paregabeak uztartzen ditu. Aluminio primarioaren ekoizpenaz, produktu estruituez eta birziklatuaz aparte, Hydrok bauxita ateratzen du, errefina alumina eta aluminioaren industriako 360º konpainia bakarra izateko energia sortzen du. Konpainiak Norvegian du egoitza.
Enpresatik azaldu dutenez, Hydro Extrusion konpainia liderra da Espainian eta Portugalen, aluminio estrusiozko soluzioak hornitzen eta birziklatzen. Urtean 60.000 tona produktu erauzi eta 55.000 tona aluminio birziklatu ekoizten dira.