Areto futbola

Xotaren derbirik erabakigarriena

Guaixe 2021ko mai. 25a, 13:00

Lehen mailari eusteko borrokan gaur jokoan dauden puntuak ezinbestekoak dira Xotarendako.

Osasuna Magna Xotak Aspil Ribera Navarra taldea hartuko du gaur, asteartea, Anaitasunan, 20:00etan (LaLigaSportsTV), ligako 33. jardunaldian. Imanol Arregik nabarmendu du "hil ala biziko" partida dela

Areto Futboleko 1. mailari eusteko borrokan, Osasuna Magna Xotak beste final bat du aurretik. Gaur ligako 33. jardunaldia jokatuko da eta talde berdeak Tuterako Aspil Ribera Navarra taldea hartuko du, inoiz baino lehiatuagoa eta erabakigarriena izango den derbian. Izan ere, bi taldeak 1. mailari eusteko borrokan sartuak daude buru belarri, nahiz eta kasu honetan, talde tuterarrak zenbaki hobeak izan. 

1. mailako sailkapenean Palma Futsal da liderra (67 puntu), Aspil Ribera Navarra 11. postuan dago (40 puntu) eta Osasuna Magna Xota 14. postuan (36 puntu), partida bat gutxiagorekin –ostegunean jokatuko du atzeratutako partida hori, Inter Movistarren kontra–, eta talde berdea 15. promozio postutik puntu eskas batera dago. Hortaz, 1. mailari eusteko puntuatzera derrigortua dagoenez, jardunaldi oso erabakigarriak ditu aurretik talde irurtzundarrak.

Imanol Arregik dio 'etxean indartsu' egin behar direla
Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu duenez, “derbi batek, betiko moduan, emaitza ziurgabe bat dakar. Aurretiko emaitzak, ligako klasifikazioa… guztia alde batean geratzen da, derbi bat berezia delako eta derbi bat, normalean, xehetasun txikiengatik erabakitzen delako”. Halaber, teknikari irurtzundarrak nabarmendu du Aspil Riberak gauzak “oso zail” jarriko dizkiela, eta Xotarendako gaurkoa  “hil ala biziko” partida dela. “Gure egoera zaila dela barneratu behar dugu, eta nola edo ahala irabazi beharra dugula. Etxean jokatzen dugu, etxean indartsu egin behar gara, eta ea partida aurrera atera dezakegun” gaineratu du entrenatzaileak.