Pilota

Gaur eta bihar jokatuko dira 39. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalerdiak

Guaixe 2021ko mai. 27a, 12:00

Eskuinean, Retegi Bi eta Lazkoz, Irurtzun klubeko bikotea, txapelketako final laurdenetan.

Irurtzungo pilotalekuak hartuko ditu finalerdietako jaialdiak, ostegunean 19:00etan eta ostiralean 18:30ean

Irurtzun Pilota Klubak antolatutako 39. Irurtzungo Pilota Txapelketa azken txanpan sartu da. Aurreko astean mailako final laurdenak jokatu ziren, eta gaur eta bihar finalerdiak daude jokoan. 

Jakina denez, pilotari afizionatu onenak dabiltza lehian Irurtzungo Txapelketan. Horren isla, seniorretan berriki Baikorekin kontratua sinatu duen Unai Laso Minarekin bikotea osatuta sailkatu da finalerdietara, final laurdenetan Ibai Iriarte eta Aitor Alduntzin 22 eta 16 gailendu eta gero. Enaitz Antsok eta Gilek Alberto Ongay eta Arkaitz Peñas izan zituzten aurkari final laurdenetan, eta partida oso paretsuan, azkenean Antso eta Gil gailendu ziren, 22 eta 19. Ugaitz Elizalde eta Josu Bergera finalerdietan daude, Josu Olaetxeari eta Aaron Arbizuri 22 eta 10 irabazi eta gero, eta, azkenik, Julen Retegik eta Lazkozek Oihan Canabal eta Telletxea bidean utzi zituzten. 

39. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalerdiak:
Ostegunean, 19:00etan:
Oskoz-Santamaria / Murgiondo-Telletxea
Elizalde-Bergera / Laso-Mina

Ostiralean, 18:30ean:
De la Fuente-Azpiroz / Landa-Agirre
Retegi Bi-Lazkoz / Antso-Gil