Areto futbola

Derbian "bi puntu galdu dituztela" sentitzen du Imanolek

Guaixe 2021ko mai. 26a, 11:00

Osasuna Magna Xotak bina berdindu zuen atzo Anaitasunan Aspil Jumpers Ribera Navarrarekin jokatutako derbian. Lehen mailari eusteko borrokan jarraitzen dute berdeek; aldiz, Tuterako taldeak salbazioa lortu du eta lehen mailan jarraituko du

Osasuna Magna Xotak eta Aspil Jumpers Ribera de Navarrak inoizko derbi erabakigarriena zuen jokoan atzo Anaitasunan, 1. mailari eusteko borrokan jardunaldiak banatzen zituen 3 puntuak oso garrantzitsuak zirelako. Baina derbiak bereziak izaten dira, xehetasun txikiengatik erabakitzen dira, eta hori zen atzo gertatu zena. Bina berdindu zuten, eta puntu banaketa zorionekoa izan zen Aspil Jumpersendako, Tuterako taldeak 1. mailari eustea lortu baitu, eta ez horren gozoa talde irurtzundarrarendako, 1. mailari eusteko borrokan jarraitu beharra duelako. 

600 ikusle bildu ziren Anaitasunan, pandemiagatik zehaztutako neurriek uzten duten kopuru gehiena. Hil ala biziko derbia zen, bi taldeek asko baitzuten jokoan, eta hasieratik nabaritu zen hori. Bi taldeak parez pare ibili ziren eta lehia estua eta borrokatua eskaini zuten. Berdeak ongi hasi ziren, 4. minuturako Bynhok markagailua mustu zuelako. Osasuna Magnak Aspil Jumpers estutu zuen eta Aspil Jumpersek atzetik abiatzen zuen jokoa, baina Asierren atera gerturatzen hasi ziren eta atsedenaldia baino lehen barna berdintzea lortu zuen Aspil Jumpersek, zorigaiztoko jokaldi batean Roberto Martil kapitainari jo zion baloi bat Asierrek defendatzen zuen atera sartu zenean. 

Bigarren zatian Aspil Jumpersek intentsitate gehiagorekin jokatu zuen. 25. minutuan Tuterako taldeko Javivik falta zuzena jaurti, baloiak Bynhon jo eta berdeen atera sartu zen. 1 eta 2 aurreratu zen Aspil Jumpers, eta Osasuna Magna urduritzen hasi zen. Mancuso saiatu zen, baina ezin, 33. minutura arte. Bynhok hegaletik ateratako sakea bikain erantzun zuen Mancusok, eta bina berdintzea lortu zuten berdeek. Hortik aurrera, markagailuan aurreratzeko aukera gehiago izan zituen Imanol Arregiren taldeak, baina Wandersonen penalti bikoitza kanpora joan zen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. Osasuna Magnak puntu bat sartu zuen zakura, baina bi puntu ihes egiten utzi zituen sentsazioa zuten jokalariek. 

Imanolek uste du ‘irabaztea merezi’ zutela
Imanol Arregik Xotak zorte txarra izan zuela uste du. “Irabazteko aukerak izan ditugu, baina huts egin ezin diren hutsak egin ditugu; guri, aldiz, errebotez bi gol sartu dizkigute, atera ere ez zihoazen baloiak, gure kontra jo eta barrura sartu direnak. Guk egin dugu guztia, partidako lau golak” zioen entrenatzaileak, buru makur. Horregatik, “bi puntu galdu izanaren sentsazioa” zuela nabarmendu zuen Imanolek.

Kapitainak dio ‘salbazioagatik borrokatzen’ ari direla
Osasuna Magna Xotako kapitain Roberto Martil irurtzundarrak nabarmendu zuen Xotak borrokan jarraitzen duela. “1. mailari eusteko borrokan jarraitzen dugu. Egia da izugarri kosta egiten ari zaigula, baina egiten dugunean konfiantza dugu”. 

Ostegunean, Inter Movistar
El Pozo Murcia da 1. mailako lider berria (68 puntu) eta Osasuna Magnak 13. postuan jarraitzen du (37 puntu), 14. promozio postutik gertu. Liga bukatzeko bi partida ditu Irurtzungo taldeak. Ostegunean Inter Movistar taldea hartuko dute Anaitasunan, 20:00etan, atzeratutako partida, eta azken jardunaldian Santa Colomaren kontra ariko dira, Katalunian. 1. mailari eusteko borrokan, puntuatu beharrean daude Imanol Arregiren mutilak.