Areto futbola

Xotak kopako ametsari agur esan dio

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 3a, 14:00

Emakumezkoen senior mailako kopako azken jardunaldia jokatu zuten asteburuan Xotak eta Xota B-k. Xotak kopa lortzeko aukera zuen, baina horretarako Tafaren kontrako partida irabazi beharra zuen eta Mutilberaren emaitzen zain egon.

Une gozoan zegoen emakumezkoen senior mailako Xota taldea. Talde irurtzundarrak Nafarroako senior mailako emakumezkoen kopa lortzeko aukerak zituen. Horretarako, Xotak ostiralean Tafaren kontrako partida irabazi beharra zuen. Yolanda Martil Fernandez kapitainak partida aurretik azaldu zuenez, “oso polita litzateke kopa irabaztea, baina zaila izango da. Aurten ez dugu Tafaren kontra jokatu, ligan bi multzo ezberdinetan geundelako, eta ez dakigu nolako partida dugun aurretik. Ustez lorgarria da, baina partida jokatu beharra dago. Bestalde, Mutilberak bi partida nahiko erraz ditu aurretik eta ez dut uste galduko dituenik. Dena den, partidak jokatu arte hemen ez dago ezer esaterik” aitortu zuen irurtzundarrak. Tamalez, Xotak 2 eta 1 galdu zuen Tafaren kontra eta kopa lortzeko borrokatik kanpo geratu zen talde irurtzundarra, baina gertaerak denboraldiko errepasoa egiteko aitzakia eman digu.

Kapitain martildarrak
Yolanda Martilen bizitza areto futbolari lotuta dago, baina bere hasierak karatean izan ziren, bere aitak, Luis Martilek, lau hamarkada luze baitaramatza Irurtzungo Shotokan karate eskola gidatzen. Joan den urtean, 68 urterekin, karateko 6. Dam maila lortu zuen, gerriko txuria eta gorria, eta karate arbitroa da. “Txikia nintzenean aitak karate txapelketa guztietara eramaten ninduen. Oso oroitzapen politak ditut” dio Yolandak. Baina kimonoa baloiagatik aldatu zuen, areto futbolak guztiz harrapatu baitzuen. Baita egun Osasuna Magnako kapitain den bere anaia Roberto Martil ere. 
Kuriosoa da: bi anai arrebak Xotaren talde nagusietako kapitainak dira. Martildarren etxean asko hitz egiten omen zen areto futbolaz. “Partidak zer moduz, egutegia… areto futbolaz aritzen ginen, baina azkenaldian ez (kar, kar…). Nik hiru urteko alaba dut eta Robertok urte eta erdikoa, eta elkartzen garenean denbora txikiendako izaten da. Baina aitak gurekin egiten zuena egiten dugu guk gure alabekin: Robertoren eta nire partida guztietara eramaten ditugu” gaineratu du. 

Sorrera
Egungo senior mailako Xotak sei urte ditu. Aurretik senior mailako taldeak egon izan dira Irurtzunen, baina tarteka emakumezkoen talde nagusia desagertzen zen. “Ni senior mailako Xotan hasi nintzen, duela 20 urte baino gehiago, baina tarteka taldea ez zen ateratzen. Kategoria txikiko emakumeen taldeak beti egon izan dira, baina helduena boladaka” azaldu du kapitainak.

Xotan jokalari hasi, eta Leandro Fernandez entrenatzailearekin Orvina taldera egin zuen salto Yolanda Martilek. 2. mailan eta 1. mailan jokatu zuen Orvinarekin, talde teknikoan ere egon zen, eta gero Subizara joan zen eta 4 urte eman zituen bertan, jokalari. “Duela sei urte hainbat faktorek bat egin zuten senior mailako Xota taldea sortzeko. Batetik, haurrak kategoriaz igotzen ziren, baina ez zegoen jende nahikorik senior mailako taldea sortzeko, eta, bestetik, kanpoko taldeetan genbiltzan bizpahiru jokalarik Xotara, etxera bueltatzea erabaki genuen. Orduan, guztien artean senior mailako Xota taldea sortu genuen; aurtengoa gure 5. denboraldia da” kontatu digu Yolandak. 

Roberto eta Iñaki entrenatzaileak
Taldea sortzea erabaki zuten, baina ez zuten entrenatzailerik. “Anaiari proposatzeko esaten zidaten, baina niri ez zidala kasurik egingo uste nuen (kar, kar…); azkenean, batzuen eta besteen artean saltsan sartu genituen eta Roberto eta Iñaki Morillas ditugu entrenatzaile hasieratik” aipatu du Yolandak. Roberto Martil berak aitortu izan du oso gustura dabilela nesken taldea entrenatzen. “Entrenamenduak ongi prestatuta datoz biak, eta batzuetan Robertok talde nagusian egiten dituzten entrenamendu batzuk proposatzen dizkigu. Oso gustura gaude. Beraiek kuadrilla berekoak dira, eta esango nuke ere gogotsu daudela” gaineratu du. 

Kapitainak entrenatzaileen konpromisoa eskertu nahi du. “Hainbat taldetan ez dute entrenatzailerik; norbait egoteko gurasoren bat jartzen da, baina euren kabuz entrenatzen dute. Eta hori asko nabaritzen da. Ez da berdin areto futbolaz dakien norbaitekin entrenatzea eta ikastea, edo formaziorik gabe kantxara ateratzea; halakoetan ohitura txarrak hartzen dira eta ez dago talde egituraturik. Guk Roberto eta Iñaki entrenatzaile izatearen luxua eta pribilegioa dugu. Beraiek euren lana, egitekoak, familiak… dituzte, eta guztia albo batera uzten dute gu entrenatu ahal izateko. Gurea konpromisoa duen taldea da eta eurek ere gurekin konpromisoa dute” nabarmendu du Yolandak. 

Yolanda Martil: “Xotan areto futbolaz asko dakiten entrenatzaileak daude, eta asko nabaritzen da, behetik datozen jokalariak trebatuta iristen direlako goiko kategorietara”

Adin ezberdineko talde polita
Xotan sekulako giroa dutela nabarmena da. “Adin ezberdinetako taldea gara. Gazteenek 13-15 urte dituzte, gero 16 eta 17 urteko jendea dago, eta hortik aurrera gu, beteranoenak. Talde oso polita osatzen dugu. Guk esperientzia eskaintzen dugu, eta gazteenek ilusio eta txispa hori. Ibilbide luzea egin dut areto futbolean, baina hau ez nuke ezerengatik aldatuko. Sekulako giroa dugu taldean; kafea hartzera geratzen gara, entrenamenduetara oso gustura goaz, gero zerbait hartzen dugu… Ligarik ez irabaztea ez zait axola; guztiaren gainetik dugun taldea eta giroa jartzen dut balorean. Galtzen dugula? Akatsetatik ikasi, egoerari buelta eman eta altxatzen gara. Pozik goaz entrenatzera, eta nahiz eta galdu, hobetzen saiatzen gara, talde honekiko konpromiso handia dugu” argi utzi du Yolandak. 

Bigarren taldea, Xota B
Emakumezkoen senior mailan bigarren taldea sortu du aurten Xotak, Xota B taldea. “Xota B-koak errealitatean jubenilak dira; euren kategoria litzatekeena baino gorago jokatzen ari dira. Pandemia zela eta, senior maila otsailean hasi zen, baina hasieran ez genekien junior mailako liga jokatuko zenik. Horregatik senior mailan bigarren taldea sortzea erabaki zen, gazteenen taldeak jokatzeko aukera izan zezan. Apustu handia izan zen, Xota talde nagusian 9-10 jokalari gaudelako eta Xota B-n beste horrenbeste, plantilla nahiko justuak, egia esan. Ildo honetan, bi taldeek hartu duten konpromisoa handia da; ezin duzu huts egin, bestela zure taldea dagoena baino hankamotzago utziko duzulako. Zu ez bazoaz, zure taldea eta zure taldekideak kaltetuko dituzu, errotazioak egoteko jokalari gutxiago egongo direlako. Argi genuen jokatzea nahi genuela, eta horren alde egin genuen. Guztiok gure gain hartu dugu ardura eta konpromiso hori eta taldearekiko lotura handiagoa da” nabarmendu du Yolandak. 

Xotan “landu beharreko lehengai asko” dagoela uste du Yolanda Martilek. “Xota klubak harrobietako beheko kategorietan, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere, beharrezko bitartekoak jartzen ditu, tartean neska-mutikoei txikitatik ongi jokatzen irakatsiko dien entrenatzaileak bermatzea. Lehen aipatu bezala, hori oso garrantzitsua da. Xotan areto futbolaz asko dakiten entrenatzaileak daude, eta asko nabaritzen da, behetik datozen jokalariak trebatuta iristen direlako goiko kategorietara. Nabaritzen da elkarrekin aritu izan direla, taldea direla. Soilik goiko kategorietako areto futbol biziago hori, erritmo altuago hori barneratzea da falta zaiena” dio. 

Yolanda Martil: "Guztiaren gainetik dugun taldea eta giro bikaina jartzen dut balorean”" 

Emakumezkoena, gora
Yolanda Martilek uste du bera hasi zenetik emakumezkoen areto futbolak gora egin duela, baina, jakina, oraindik egiteko asko dagoela. “Ni txikia nintzela areto futbolean aritzeko ez zegoen nesken talderik; mutilekin aritzen ginen. Iruñean emakumezkoen areto futbol harrobia zuten klub gutxi zeuden. Gaur egun, geroz eta klub gehiagok dute emakumezkoen harrobia. Eta hori izugarri nabaritzen da, txikitatik elkarrekin aritu izan diren nesken taldeak direlako, talde egituratuak. Diferentzia handia da” dio.

Senior mailako kopa
Emakumezkoen senior mailako ligako 1. fasea bukatu eta gero –Xota 4. sailkatu zen eta Xota B 6.–, Emakumezkoen senior mailako kopan jokatzeari ekin zioten bi talde irurtzundarrek. Guztira 5 jardunaldi dira eta azkena asteburuan erabaki zen. Partida guztiak “azkena balira bezala, irabazteko” prestatzen dituztela aipatu digu Yolandak, eta alde horretatik berdin ari direla, baina “zerbait jokoan dagoenaren txispa hori” sumatzen dela. Ostiralean Tafaren kontra ahalik eta hobekien aritu nahi zuten. Tamalez, 2 eta 1 galdu zuten. “Gertatzen dena gertatuta, ez da mundua bukatuko” aipatu zuen Martilek partida bezperan.

Asteburuan bukatuko da denboraldia. Arraroa izan da, ikusleen hutsuneengatik bereziki. “Irurtzun herri txikia izanda, eta kiroldegian partidak daudela jakitun, jende asko joaten da bertara. Lehendabiziko haurren partida, gero neskena… goiza han pasatzen duzu. Herriko giroa, badakizu. Baina pandemiagatik aforoan murrizketak egon dira, eta tarte batean jokalari bakoitzagatik soilik pertsona bakarra egoten uzten zuten. Eta harmailak horren huts ikustea tristea izan da. Ea egoera normaltzen den" espero du kapitainak. 

Normalean uztaila aldera hasten dira denboraldi berria prestatzen, taldeak egituratzeari begira zein asmo dauden aztertzeko. "Orduan ikusiko dugu ea datorren denboraldian emakumezkoen seniorretan bi talderekin jarraituko dugun edo talde bakarrarekin, baina atzetik harrobia izanda, borrokatzen jarraituko dugu, hori ziur (kar, kar…). Idealena bi taldeak ateratzea litzateke, gazteenek aurten asko ikasi dutelako. Denboraldia hasi zenetik orain arte, asko nabaritzen zaie; izugarri hobetu dute” nabarmendu du kapitainak.

Yolanda Martil: “Jokalariek sekulako konpromisoa dugu bi taldeekin” 

Bihotza Osasuna Magnarekin
Emakumezkoen Xotako kapitaina izateaz gain, gizonezkoen 1. Mailako Osasuna Magna Xotako zalea da Yolanda, eta Anaitasunara joaten da anaia eta Imanol Arregiren taldea animatzera. 1. mailari eusteko borrokan murgildua egon da talde berdea, eta Yolandak argi zuen helburua lortuko zela. “Xota da; ziur egoerari buelta ematen diotela” zioen. Eta bete betean asmatu zuen.

Xota klubak Irurtzunen erreferente izaten jarraitzen du. “Irurtzunen nor ez da pasa Xotatik? Gehienak aritu izan gara areto futbolean, txikitatik Xota bizi eta barneratu dugu. Gogoan dut txikia nintzela eta Xotak Irurtzunen jokatzen zuenean kiroldegia topera betetzen zela, banderak, pankartak, bonboak, Xotako peña… sekulakoa zen, herriko giroa zen, guztiz. Baina taldea 1. mailara igo zen eta Iruñera lekualdatu behar izan zen. Iruñeko saltoa eman behar izan zuten, positiboa izan zena, baina bidean, nolabait etxeko aurreko giro hori aldatu zen. Irurtzundik jende asko doa Iruñera Xota ikustera, baina beste mota bateko zaletasuna da, ez hain herritarra” deritzo Yolandak.