Autokarabana gunea mustu dute

Guaixe 2021ko mai. 31a, 12:02

Larunbataz geroztik erabilgarri da. 51.336,29 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua izan du eta Cederna Garalurrek 46.785 euroko dirulaguntza eman zuen.  

Sakanako hirugarren autokarabana gunea larunbat goizean mustu zen Irurtzunen. Plazaola bide berdearen ondoan dagoen guneak 10 autokarabanarendako tokia du. Gainera, ibilgailuek urez hornitu eta ur beltzak husteko aukera izanen dute bertan. Aitor Larraza Carrera Irurtzungo alkate eta Plazaola turismo partzuergoko buruak azaldu zuenez, “Plazaola bide berdean barna hainbat zerbitzu gune daude eta Irurtzungo autokarabana guneak eskaintza hori osatuko du”. Izan ere, ibilgailuendako espazioaz aparte, bizikletak garbitu edo gurpilak puzteko gailuak ditu. Alkateak iragarri zuenez, aurki hiru mahai eta dagozkien aulkiak jarriko dituzte gunean, bidaiariek atseden hartu edota bertan jan dezaten. 

Larrazak jakinarazi zuenez, autokarabana zaleek aurreneko bi asteetan gunea dohainik erabiltzeko aukera izanen dute. Ondoren, bost euro ordaindu beharko dituzte gunean sartzeagatik eta horrek bertan bi egun egoteko aukera emanen die. Irurtzungo autokarabana zaleei ere zerbitzua eskainiko die guneak, izan ere, bertan ur zikinak hustu eta ur biltegiak kargatzeko aukera izanen dute. Dagoeneko dozena batek eman dute izena. Urteko 15 euro ordaindu behar dituzte. Interesa duten autokarabanista irurtzundarrek udaletxetik pasa beharko dute. Bete beharreko baldintzak dira herrian erroldatuta egotea eta Irurtzunen bertan zergak pagatzea. 

Erlazionatuak