Pilota

Irurtzungo txapelek jabea izango dute bihar

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 4a, 13:15
Irurtzun Pilota Txapelketako 5 jardunaldi Labriten jokatu dira. Argazkian, partida horietako bar. Argazkia: Nafarroako Pilota Federazioa.

Bihar jokatuko dira 39. Irurtzun Pilota Txapelketako finalak, 17:00etan, Biaizpe pilotalekuan. Nafarroako pilotari afizionatu onenak lehiatu dira federazioetako txapelketez aparte Nafarroan jokatu den torneo ia bakarrean

Apirilaren 5ean hasi zen 39. Irurtzun Pilota Txapelketa, eta bihar, larunbata, final handiak jokatuko dira. Bi hilabete hauetan afizionatuen mailako pilotari onenak lehiatu dira bertan. “Nafarroako Pilota Txapelketak eta Espainiako Pilota Txapelketak kenduta, Nafarroan jokatzen ari den tradizioko txapelketa ia bakarrenetakoa da gurea. Txapelketa polita izaten ari da, Nafarroako pilotari afizionatu onenak lehiatzen ari baitira” azaldu du Irurtzun klubeko presidente Miguel Beraza Loidik.

Txapelketa antolatzeko ahalegin handia egin du klubak. “Materiala, epaileak, trofeoak, txapelak eta txapeldunen diru sariak kontuan hartuta, ia 5.000 euroko aurrekontua da gurea. Zorte handia dugu, babesle onak ditugulako. Aurten antolatu ahal izan dugu, datorren urtean ikusiko dugu” gaineratu du. Horri klubeko kideek egiten duten lan ordainezina gehitu behar zaio. 

Pilotariek eta pilotazaleek biziki eskertu dute Irurtzun klubaren ahalegina, ez baitago ia txapelketarik. “COVID-19 egon ala ez egon, urte luzeko ibilbidea duten zenbait klubek ez dute inoiz txapelketarik antolatzen; ez dute xentimorik ere gastatu beste klubetako pilotariek euren klubak antolatutako txapelketa batean aritzeko aukera izan dezaten. Baina bere pilotariek txapelketa guztietan aritzea nahi dute. Agian hau zenbait klubi egindako kritika gogor samarra izan daiteke, baina nire ustea da.  Gure txapelketan Nafarroako klub guztietako pilotariek parte hartu dute, eta guztiek tokia dute” nabarmendu du Berazak. 

Txapelketaren beste berritasun bat izan da zenbait partida Labriten jokatu direla. “Nafarroako Euskal Pilota Federaziotik proposatu ziguten, federazioak ostiraletan pilota jaialdiak antolatu nahi dituelako Labriten. Akordiora iritsi eta gure txapelketako 5 jaialdi Labriten jokatu ziren” kontatu digu Berazak. Bai Biaizpera eta baita Labritera ere pilotazaleak frontoira hurbildu dira. “Aurreko astean jokatutako finalerdietan bereziki. Egunero 100 zaletu inguru bildu ziren Biaizpen” nabarmendu du Berazak. 

39. Irurtzun Pilota Txapelketa hiru kategorietan jokatu da. Gizonezkoen seniorren 1. mailan 12 bikotek parte hartu dute, gizonezkoen seniorren 2. mailan 9 bikote aritu dira, eta emakumezkoen mailan 4 bikote.

Finalerdi gogor eta ikusgarriak 
Aurreko osteguneko finalerdietan, 2. mailako Oskoz-Santamaria eta Murgiondo-Telletxearen kontrako partida bertan behera geratu zen, Aitor Telletxearen lesioarengatik. Beraz, Murgiondo etxarriarrak agur esan behar izan zion txapelketari. Baita 1. mailako Irurtzun klubeko Elizaldek eta Bergerak. Partida lehiatu bezain gogorrean, 19 eta 22 galdu zuten Lasoren eta Minaren kontra. Ostiraleko finalerdietan, 2. mailakoan, De la Fuentek eta Adrian Azpiroz irurtzundarrak 22 eta 16 irabazi zieten Landari eta Agirreri, eta 1. mailako finalerdian Irurtzun klubeko Retegi Bik eta eskuko minez zegoen Lazkoz ordezkatu zuen Azanzak 20 eta 22 galdu zuten Antsoren eta Gilen kontra. Partida oso gogorra izan zen, ordu eta laurden iraun zuena. “1. mailako Irurtzungo bikoteak finaletik kanpo geratu dira, eta alde batetik pena dugu, baina arerioak merezimenduz iritsi dira finalera. Zaleei begira, Retegi Biren eta Lasoren arteko finala polita litzateke, baina ez du bueltarik” gaineratu du Berazak. Halaber, Antso eta Gil txapelketako sorpresa izan direla gaineratu du.

Finalerdiak nola joan diren ikusita, final lehiatuak espero dira, goi mailakoak. “Partida gogorrak eta zailak espero ditugu. Emakumezkoetan pilotari onenak lehiatuko dira: Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi Laia Salsamendiren eta Arrate Bergararen kontra. Gizonezkoen 2. mailan ere lehia polita espero da. Adrian Azpiroz irurtzundarra izango da ordezkari sakandar bakarra. De la Fuenterekin  batera ariko da, eta Oskoz eta Santamaria izanen dizuzte aurkari. Eta 1. mailan Laso-Mina eta Anso-Gil bikoteen arteko partida tentsio handikoa izango da. Agian Lasok diferentzia markatu dezake, baina gogotik egin beharko du lan Antso eta Gil bikain ari direlako” aipatu du Berazak.

200 ikusle
Gehienez 200 pilotazale sar daitezke Biaizpe pilotalekuan bihar,  larunbata, 17:00etan hasiko diren finaletarako. “200 ikusle hurbiltzen badira, oso kontentu egon gaitezke” dio Irurtzun klubeko presidenteak. Ostalaritzako ordutegiak ere lausotu direnez, giro polita espero da Irurtzunen. 

39. Irurtzun Pilota Txapelketa. Finalak
Larunbata, 17:00etan, Biaizpe pilotalekuan
Emakumeak: Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi / Laia Salsamendi-Arrate Bergara
Gizonezkoak: 2. maila: De la Fuente (Buruzgain)-Azpiroz (Irurtzun) / Oskoz-Santamaria (Oberena)
Gizonezkoak: 1. maila: Laso (Uharte)-Mina (Paz Ziganda) / Anso (Burlata)-Gil (Esteribar)