Ermita oinplano angeluzuzena da, 18 metro luze eta 8 metro zabal dituena. Bi isurkiko teiladura eta kanpai-horma ditu. Ermitaren atea, nahi eta nahiez, iparraldera dago. Bere barruan gordetzen duen irudia metro bateko altuera du, hareharrizkoa da. 1935ean zaharberritu zuten eta Irurtzungo elizan dute. Ermitan dagoen irudia pastazko errepika bat da.
Agirietan ermitari buruzko lehen erreferentzia idatziak 1513ko agiri batean jasota daude eta Gulina ibarreko erromeria bati egiten dio aipamena. Baina ermitaren gorabeheren xehetasunak XVII. mendearen bigarren erditik aurrera dira ezagunak. Obrarik nabarmenenak 1773tik aurrera egin ziren. Urte hartan aldare-mahai berria egin zen, Aizkorbeko harrobiko marmol gorria da haren basamentua, harlanduzko harmailaduna. Horrekin batera plazako ate nagusiko atariaren erdia berritu zen. Garai hartako ermitak ez zuen kanpai-hormarik, dorrea baizik. Gainera, hiru aldare, korua, pulpitua eta egurrezko zorua zituen.
1783an, oholtzaren ordez, adreileztadura jarri zuten zoruan. Gainera, “etxe berria” babesteko horma bat egin zuten eta harekin lortu zuten jendearendako bidea edo lekua zabaltzea. Ergako ermitak kontu liburua izatea agindu zuten 1721ean baina hura 1754ra arte ez zuten mustuko. 1858an zabalguneari eusten dion beste pareta egin zuten. Haren betelanak Aizkorbeko mugarriaren zatia lurperatu zuen eta berriro jarri zuten. Aginagarrak eta aizkorbearrak lekuko zirela, hala jaso zuen 1858ko maiatzaren 21eko aktak. Ermitaua urez hornitzeko bi upel zeuden garai batean. Mando gainean igotako urarekin betetzen zituzten kupel haiek. Baina 1880-81ean ermitauaren etxearen beheko solairuan euri ura biltzen duen ur biltegia eraiki zuten. 1882an tximistorratza jarri zuten.
Ermitauaz
Ermitauren etxearen eraikuntzak auzi bat sortu zuen Aginaga eta Aizkorbe herrien artean 1686an. Aizkorbearrek ez zuten gogoko aginagarren etxea eraikitzeko asmoa. Mendi gainera izerditan iristean haize hotzetik gordetzeko zegoen babestokia bere horretan mantentzea nahi zuten aizkorbearrek. Aginagarren iritziz, babes hobea emanen lieke etxe berri batek, denendako tokia izanen zuena. Gainera, parajea haien dermioan zegoen. Azkenik, ermitauaren etxea jaso egin zuten.
1780-81ean berregin zuten, zaharrari erantsita. Hura egiteko Latasa eta Erasoko haritzak erabili ziren, auzokoei “refresko” batekin ordaindua (bazkaria?). Eraikuntza lanetan 2.000 adreilu eta 2.300 teila erabili zituzten. Lehen ermitau ezaguna Martin de Saldise da, Errozko Iñigorena etxekoa, Errozekoa. 1685Ko agiri batek haren berri ematen du. Ergako Hirutasuneko ermitaua, Etxalekuko San Pedro ad Vincula apaiz ermandadeko begiralea ere bazen. Azken ermitaua Jose Maria Oroquieta izan zen, 1891koa. Aginagako Martxanzerena etxeak ermitau kargua hiru belaunaldiz izan zuen, ondoren etxez etxe pasa zen, 1969an hutsik geratu zen arte.
Duela 50 urte
Erga gaineko ermita urte luzez utzita egon zen eta XX. mende hasieran egoera penagarrian zegoen. Garai hartan Irurtzunen bazen Lagun Berriak elkartea, egoitza frontoi atzean zuena (hura bota behar zutenez, Iratxo sortu zen, 1984an mustu zuten). Lagun Berriak elkartekoak izan ziren Ergako bi eraikinak berritzea erabaki zutenak. 15-16 eta 35 urte arteko 40 bat gizon-emakumezko ziren. 1971an gazte talde hura igandero Ergara igotzen hasi zen, ermita eta aterpetxea konpontzeko. Urteak emanen zituzten horretan. Lanek hiru fase izan zituen.
Irurtzungo Kultura Batzordearen ekimenez zaharberritze lan haiei buruzko bideo dokumentala egin zen joan den urtean. Bertan zaharberritzean parte hartu zuten hainbat irurtzundarrek lanei buruzko xehetasunak eman zituzten. Azaldu zutenez, lanen aurreneko fasea 1971k eta 1983 urteen artekoa izan zen.
Hezetasunagatik gaizki zegoen koroa kendu zuten lehenik. Hura kentzean teilatua gaizki zegoela ikusi eta teilatua konpontzea erabaki zuten. Latak kendu eta ordezkatu zituzten, asfalto oihala jarri, gainean 2 cm-ko lodierako porlan kapa eta bukatzeko teilak. Migel Mari Goñiren zuzendaritzan egin zen lehen lan hura eta ondorengo guztiak. Eguraldi txarra zegoenetan ermita barruko paretetako kisua kendu, harriak agerian utzi eta harriarteak porlanez estali zituzten. Sabai aizuna botatzean teiladurako habe batzuk gaizki zeudela ikusi zuten. Guztiak garbitu eta tratamendua eman behar izan zioten. Teilatuari eusten dioten ermitako lau zutabeetako bat gaizki zegoen eta hura ordezkatu zuten. Gainera, lauak harriz forratu zituzten.
Garai batean ermita eta elizetako aldareak paretari itsatsiak zeuden. Zaharberritze lanekin aldarea paretatik atera eta jendaurrean jarri zuten. Zorua porlanezkoa zen eta baldosa jarri zioten. Edertzeko forjazko lanpara, argimutilak eta inguruko ibarretako armarriak jarri zituzten.
Asto eta traktoreekin hasi ziren materiala igotzen. Murginduetako batek beldar-ibilgailu bat oparitu zien eta hura aurrerapen handia izan zen (harekin istripua izan eta beste bat erosi behar izan zuten). Baina are handiagoa izan zen Aginagako Kontzejuaren bidez jaso zutena: baso aprobetxamendua saldu eta Ergarako gurdibidea zena pista bihurtu zuen 1972an. Horrek materialak igotzea erraztu zien. Land Roverrarekin jendea igotzen hasi zen eta kamioiren bat ere. Lanerako materiala astez igotzen hasi ziren, asteburuan behar zen guztia izateko, eta gora eta beherako bidaien zain ez egoteko.
Ermitauaren etxeari errepaso handia eman behar zitzaiola ikusi zuten. Estarbian zegoen euri ura jasotzen zuen ur biltegia berritu zuten lehenik, handik urez hornitzen ziren lanak egin ahal izateko. Hura berritu eta punpa bidez sukalde urez hornitu zuten. Sukaldean leiho handiak zabaldu zituzten, han argia izateko. Sukalde ekonomikoak eta arraska jarri zituzten ere. Bestalde, eraikineko paretetako kisua kendu, harria atera eta harri arteak porlanez bete zituzten. Teilatua ere konpondu beharra zegoen.
Ermitaren eta egungo aterpearen artean dago plaza. Zaharberritze lanetan ari zirela, hari eusten zion Aginaga aldeko paretaren 25 metro luzek behera egin zuten. Pareta erortzean hango plazako lurra ere erori zen, 2 metroko zabalerarekin geldituz. Lan horri ere ekin zioten. Pareta berria porlanezkoa egin zuten. Pareta jasota materialez bete behar zen zuloa eta inguruko harriak baliatu zituzten. Gabe gelditu ziren ordea, eta Aginagako bideko azken zatian zegoen haitza leherraraztea eskatu zuten. Baimena lortu eta, horrela, bidea zabaldu eta zuloa betetzeko materiala lortu zuten. Lehen faseko lanak finantzatzeko gazte haiek papera eta beira jaso eta saldu zuten. Baita txatarra. Gainera, dirulaguntza eskatu zieten kontzeju eta udalei.
08:00etan Irurtzundik abiatzen ziren. 09:00etan lanean hasten ziren 11:00etan gosaltzera gelditzeko. Ondoren, lanean segitzen zuten 15:00etan bazkaltzera. Hasieran ogitartekoak, baina sukaldea konpondu eta gero han prestatutakoak jaten zituzten. Platerak garbitzeko lanak zozketa bidez banatzen zituzten. Bazkariak pagatu ondoren, mus aldiak eta kantaldiak izaten ziren eta 19:00etan jaisten ziren. Gazte haiendako askatasun gunea zen. Aipatutako lan guztiak 1983an despeditu zituzten. 12 urte igandero Ergara igotzen.
Lanen segida
Lau urteko “atsedena” hartu ondoren, 1987an, ermitauaren etxea eta beste gauza batzuk konpontzeari ekin zioten. Ermitako sakristia kendu zuten, jendea teilatura igo ez zedin. Ermita iluna zenez, leiho handi bat zabaldu zuten argia sartzeko. Horregatik atetik ermita ikus daiteke. Ermitaren odorra edo rafe bat gaizki zegoen eta aldatu egin zen.
Ermitauaren etxeko teilatu zati bat erortzekotan zela zirudien. Hura konpontzen ari zirela plazako sarreran zegoen porlanezko arkua eta plazari eusten zion paretaren zati bat erori egin ziren. Lehengo metalezko ateak erabiltzeko asmoa zuten baina bakarren batek eraman zituen. Aizkorben agertu ziren eta berriro igo behar izan zituzten. Sarrera berregin zuten, azienda plazara ez sartzeko, eta forjaz egitura gehitu zioten. 1987 eta 1988 urteak egon ziren lan horiek egiten.
Lanen hirugarren fasea 1994ko lastailetik 1997ra artekoa izan zen. Tximistak ermitako teilatua eta sarrerako pareta jo zituen, ateko arkua kaltetuz. 1994an Vianako Printzea erakundeak harria eman zien eta arkua konpontzeko lanak egin zituzten. Gerora beste tximista batek ermitauaren etxea jo zuen eta paretako harri handi bat mugitu zuen. Hura ere konpondu zuten. Aterpean beheko sua egin, paretan ate handiagoa zabaldu, porlanezko zorua jarri zuten. Baita porlanezko mahaiak jarri ere. Aterpearen erabilera araudia Iratxo elkartean egindako bilera batean zehaztu zuten 1995ean.
Lanek iraun zuten bitartean izan zen Lagun Berriak elkartekoei trabak jarri zienik. Batetik, urez betetako bidoiak tiroz zulatu zizkieten, motozerra lapurtu, aterpetxeko atean zulo handia egin…Ermitauaren etxeko sukaldean goiz batean dena txikituta opatu zuten: armairuak lurrean, baxera eta edalontziak hautsita. Sukaldea kendu behar izan zuten.
Elizak bere izenean jarri zituen ermita, ermitauaren etxea eta plaza. Plazari eusten dion Aizkorbe aldeko paretan zuloa sortu zen eta erortzeko arriskua zegoen. “Elizarena bada, elizak konpon dezala” esan zuten garai batean Ergan lanean egondakoak. Denbora eman zuten gaizki, elizak konpondu zuen arte.