Areto futbola

Xota fitxak mugitzen ari da

Guaixe 2021eko ekainaren 17a

Datorren denboraldia prestatzeko lanetan ari da klub irurtzundarra. Talde teknikoak, Imanol Arregi entrenatzailea buru, bi denboraldirako sinatu du eta Raul Rocha fitxatu dute

Osasuna Magna Xotak aurtengo helburua lortu du, 1. Mailari eustea. Baina horretarako ederki sufritu behar izan du Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak, liga despeditzeko azkenaurreko partidaraino ez baitzuen salbazioa lortu. Jokalariei atseden hartzeko garaia heldu zaie, baina zuzendaritzak datorren denboraldia prestatzeko lana du aurretik, eta dagoeneko Tatono Arregi presidente duen klub irurtzundarrean jokalarien mugimenduen dantza hasi da. 

Imanol Arregik bi urtez berde izaten segiko du
Lehenik eta behin, Xotak talde teknikoari kontratua berritu dio, Imanol Arregi zuzendaritik hasita. Imanol Arregik eta Miguel Hernandez bigarren entrenatzaileak gidatuko dute 2021/2022ko taldea. Jakin izan denez, Imanol Arregik bi urterako berritu du, dituen gainontzeko eskaintzei muzin eginez. Irurtzungoa entrenatzaile bikaina da eta makina bat eskaintza izaten ditu, baina beti bere herriko taldea zuzentzen jarraitzea aukeratu izan du. “Badakigu 1. mailako talde tekniko onena dugula, ez dugu errekonozimendurik behar. Baliabide ekonomiko onenak lortzeko borrokatzea, hori da egin behar duguna” nabarmendu du Tatono Arregi presidenteak. 

Presidenteak aitortu duenez, urte hau latza da. “Kalbario latza izan da. Kontziente ginen talde oso gaztea genuela, zazpi hasiberri tartean, apustu arriskutsua, eta lesioekin ere ez dugu zorterik izan. Lehen mailari eustea lorpen handia da, orain arte klub gisa ez dugu horren gaizki pasa” nabarmendu du Tatonok. Orain, aurrera begira jarri da taldea. 

Jokalariei dagokienez, bi baja ditu talde berdeak: Mancuso eta Jesus. Gainontzekoek taldean jarraituko dute. Xotak aurreko astean berritu zion Dani “Zurdo”-ri kontratua. 21 urteko jokalariak maila ona eman du eta Xotaren kamiseta beste hiru denboralditan jantziko du, 2021/2024 denboraldira arte. Kontratua berritu izanagatik “oso pozik” dagoela aitortu du jokalariak. “Aurtengoa klubean nire lehenengo denboraldia izan da, eta klubak dituen baloreekin eta taldean dagoen giroarekin oso pozik nago. Horrenbeste zailtasun izan dituen denboraldiaren ondoren, ea datorrena hobea den. Familia berdeko beste kide bat bezala sentitzen naiz eta klubari nirekiko duen konfiantza eskertu  nahi diot” adierazi du Dani “Zurdo”-k. 

Rocha Mancusoren ordez
Bestalde, denboraldiko lehen fitxaketa egin du Osasuna Magna Xotak. Talde berdeak 25 urte dituen Raul Rocha jokalari brasildarra fitxatu du. Berak Mancusok utziko duen tokia beteko du, Mancusok Osasuna Magna utziko baitu. Hiru denboraldirako kontratua egin diote, eta Todis Lido Di Ostia talde italiarretik dator. Rochak azaldu duenez “oso pozik eta gogotsu nago aukera honen aurrean. Espainiako Ligan aritzeko ametsa bete da, eta Osasun Magnaren kamiseta janzteko irrikaz nago. Ilusio handia dut”. Imanol Arregik adierazi duenez, “bata bestearen kontrako jokoan ona da, eta jaurtiketa onak egiten ditu. Oso lehiakorra da eta pistako eremu guztietan ibiltzen da ongi. Italiako Ligan esperientzia handia du, baina gurera egin beharko da. Uste dut ondo egokituko dela eta gola ekarriko duela”. 

Klub eredu berria
Xotak klub ereduan aldaketa egitea erabaki du, kluba bazkideei gehiago irekitzea, bazkideek parte hartu eta iritzia emateko aukera izan dezaten. Osasuna futbol taldeak duen antzeko egitura izatea.