1. Euskarari buruzko inkesta egin zenuten elkartean. Zergatik?
Hainbat arlotako informazioa jaso nahi genuen, elkartearen egoera ikusteko. Euskararena izan zen barne informazioa eta komunikazioa hobetzeko asmoz egin genuena. Beti funtzionatzen duzu susmoekin: gehienek ulertzen dute, baina datu objektiborik ez genuen. Hori izan zen abiapuntua.
2. Inkesta bazkide guztiek erantzun zuten?
Saiatzen gara ahalik eta modu errazenean egiten, Whatsapp bidez egiten ditugu. Gustatuko litzaigukeena baina gutxiagok erantzun dute, baina, ongi. 119tik 73 bazkidek erantzun zuten, %61,34.
3. Zein egoera du euskarak Pikuxarren?
%89k ulertzen du euskara. Kopuru potentea da. %81a testu luzeak irakurtzeko gai da eta %87a testu motzak, Whatsappekoak. Datuek euskararen normalizaziorako pausoak berresteko balio dute.
4. Eta erabilera hain handia al da?
%60koa da euskararen eguneroko erabilera. Indarra non jarri behar dugun erakusten du datuak.
5. Zergatik dago ulermenaren eta erabileraren arteko alde hori?
Ohituragatik. Eta horiek ere aldatzen joaten dira. Guraso izaten hasi den 30 urte inguruko jendeak hizkuntza aldatu dute eta euskaraz hasi dira. Guk lau urte daramatzagu lan honetan eta jende askoren hizkuntza ohiturak aldatzen ikusi dut. Nik jende askorekin gaztelaniaz egiten nuen eta orain euskaraz egiten dut. Euskaraldiaren eragina handia da.
6. Datu horiek nola uztartzen dira elkarte euskaltzale batean?
Pikuxarretik zer espero dut jasotzea, eta zer eman dezaket. Galdera horiek ere egin genituen. Ideiak sortu ziren. Gure asmoa da estrategia planarekin eta gure helburuekin segitzea. Jendeak jasotzea espero duenen artean daude: euskara bultzatzen laguntzea, gehienekin euskaraz erlazionatzea, euskaraz bizitzeko aukera izatea, gehiago erabiltzea, askok euskara berreskuratzea erantzun zuten. Horretarako, Mintzakide edo ekintzak aipatzen dituzte. Erdaldunek ikasteko asmoa adierazi dute.
7. Erabateko ulermena bermatzeko neurriren bat hartzea aurreikusten duzue?
Datuek erakusten digute zein izan daitezkeen gure helburuak, eta bidea markatzen dute. Datuak apirilean aztertu genituen eta egoitzaren obra bukaerarekin gurutzatu zaigu eta gelditu dugu. Baina ekintza plana eta helburuak markatuko ditugu.
8. Geroz, bazkideen aldeko jarrerak erraztuko du?
Erantzun dutenen jarrera proaktiboa da. Aldeko jarrerak daude, baina agian pasiboak dira. Bazkide batek erantzun du euskararen alde dagoela, baina ele bitan egiten ez bada diskriminatzen dutela. Beti sinistarazi digute gu garela diskriminatzen ditugunak. Zergatik egon behar da bere eskubidea nirearen gainetik? Nola ikustarazi jarrera hori duten pertsonei eskubidea dela eta hemen sartu dela. Txip hori aldatzea.
9. Halako inkestarik egin den beste elkarteren bat ezagutzen duzu?
Ez. Baina, zalantzarik gabe, ariketa gomendagarria da. Sentsazioak dituzu. Datu objektiboak izanda, horren gainean hitz egin ahal duzu. Honetan oinarrituta, hobetu behar duguna, argi eta garbi, erabilera da. Horretarako zer egin dezakegu? Halako plangintza egin dezakezu. Zuzendaritza batzordean batzuk aktak euskaraz bakarrik bidaltzearen aldekoak ziren, eta besteak ele bitan. Jakin behar dugu zenbatek ez duten ulertzen. Eta ez dira hainbeste. Bidea markatzeko Bai Euskarari ziurtagiria lortu nahi dugu.
10. Irurtzunen hizkuntza errealitatearen isla da zuen elkartea?
Ez dakit. Irurtzundar kopuru majo bat gara, mugitzen garenak eta gauzak egiten ditugunak gara. Baina ikusten gaituzte eta hainbat gauzatan eragina dugu.
11. Egoitza berria mustutzear zarete, ezta?
Astelehenenean, lau urte gogorren ondoren. Oztopo pilarekin. Pandemia eta gauza gogorrak tartean. Mundua tabernak ixten ari den momentuan, guk taberna duen elkarte bat zabalduko dugu. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun elkarteak publikora zabaltzeko bide bat izatea, taberna. Aurreko Pikuxarren nortasuna mantentzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Ahalegin handien ondoren, lortu dugu. Zuzendaritza batzordekook konpromisoa hartu genuen elkartea mustu arte mantenduko ginela. Kristoren gogoak daude. Hori bai, orain irekiko badugu ere, ahal dugunean benetako mustutze festa eginen dugu.