Mendi Txirrindularitza

La Peluso Xtreme BTT proba antolatu dute abuztuaren 28rako

Guaixe 2021ko eka. 23a, 11:00
La Peluso zikloturista martxa 2022ra atzeratu dute eta aurten La Peluso Xtreme BTT ibilaldia antolatu dute abuztuaren 28rako.

Bi ibilbide antolatu dituzte eta 400 bikerrendako izena ematea zabaldu du antolakuntzak. Maiatzaren 8an jokatzekoa zen La Peluso Zikloturista Martxa 2022ra atzeratu dute

Irurtzun Bi Ahizpe Txirrindularitza Elkarteak eta Irurtzun Taldea Kirol Elkarteak antolatuta, maiatzaren 8an zen jokatzekoa Irurtzungo La Peluso Zikloturista Martxa. Bi ibilbide zeuden aukeran, luzea, 138 km-koa eta laburra, 89 km-koa. 1.200 txirrindulari zeuden izena emanda, baina pandemiagatik proba bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek, data horretan eskatutako osasun arauak eta protokoloak betetzea ez zelako bideragarria. Horrela, La Peluso Zikloturista Martxa 2022 urtera atzeratu dute, eta aurtengorako izena eman zutenei datorren urterako izena ematea gorde diete. Baja eman nahi dutenek ilbeltzaren 31ko epea dute, eta antolakuntzatik azaldu dutenez, momentuz 70 baja inguru gauzatu dituzte. 2022ko edizioan Reynolds taldeko 81, 82 eta 83 denboraldietako txirrindulariei omenaldia egin nahi diete eta datorren urtera begira jarri dira. 

Hala ere, Irurtzun Taldea Kirol Elkartekoek ez dute aurten esku hutsik geratu nahi izan, eta La Peluso Xtreme BTT ibilaldia antolatzeko erabakia hartu du taldeak. Irurtzun inguruko mendi, xenda eta txokoak erakutsi nahi dituzte eta bertan disfrutatu nahi dute. Abenduaren 28an izanen da proba, eta ordurako txertaketa kanpaina aurreratua egotea espero dute. Momentuz 400 bikerrendako izena ematea zabaldu dute, eta osasun egoerak hobetzen badu 500 bikerrendako tokia izatea espero dute. 

Bi ibilaldi antolatu dituzte. Lehenak 30 km eta 900 metroko desnibel positiboa du, eta luzeak 60 km eta 2.000 metroko desnibel positiboa. Antolatzaileek adierazi dutenez, “ibilbidea paregabea” izango da. “Plazaolako Bide Berdeko zenbait eremutan sartuko da, jaitsiera ikusgarriak izango ditu, xenda ederrak, eta Trinitatea eta Ergako mendia bezalako igoera gogorrak” azaldu duten bezala. La Peluso Xtreme abuztuaren 28an goizeko 8:30ean abiatuko da Irurtzungo plazatik eta proba ez lehiakorra izango da. Anoa guneak Zia gainean, Oskotzen eta Etxaleku gainean egongo dira, eta helmuga Irurtzungo plaza izanen da. 

Izena emateko
La Peluso Xtreme BTT ibilaldian izena ematea zabalik dago www.rockthesport.com webgunean. Federatuek 20 euro eta federatu gabekoek 25 euro ordaindu beharko dute, eguneko lizentzia lortuko dutelako.