Astekaria

"Interreko elastikoak hegoak eman dizkit"

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 30a, 14:30

Dani Saldise Irurtzungo pibotak denboraldi ikusgarria egin du Inter Movistar taldean. Hiru titulu lortu ditu, eta bere ametsa bete dela aitortu du.

Dani Saldise Martinikorenak (1995-07-08) joan den urtean Xota bere betiko herriko taldea utzi zuen Inter Movistar talde ahaltsuan ibilbide berri bati ekiteko. Irurtzundarrak jokalari gisa hazi nahi zuela adierazi zion Guaixeri duela urte bat, eta aldaketa egiteko une egokia zela. Hartutako bidearen balorazioa egiteko tenorea heldu da 1. mailako areto futbol denboraldia bukatu berri duenean. 

Inter Movistar espero zenuena izan da? Talde berrian lehendabiziko denboraldia bukatu eta gero, nolako balorazioa egiten duzu?
Amets baten bila etorri nintzen hona, erronka pertsonal baten alde borrokatzeko asmoz, eta gauzak ongi joan dira. Beti joan daitezke hobe, baina oso kontentu nago. Etxetik atera naizen lehendabiziko aldia izan da hau, nora eta Inter bezalako klub han- di batera. Interreko elastikoak, nahi edo nahi ez, pisu handia du, klub goraipatua baita. Horregatik, elastikoa jantzi ahal izateko asko borrokatu behar da, bere pisuak zapaldu ez zaitzan. Alderantzizkoa gerta daiteke ere, hegoak eman ahal dizkizula. Eta niri eman dizkit. Profesional mailan bukatu berri dena nire denboraldirik onena izan dela konbentzituta nago. Eta maila pertsonalean ere oso pozik nago: etxetik atera naiz, amets bat bizitzen ari naiz, nire mailarik onena eman dut eta taldearekin 3 titulu lortu ditugu, egunero lortzen ez direnak.

Espainiako Kopa, Superkopa eta Errege Kopa irabazi dituzu Inter Movistarrekin, baina zurea bezalako talde ahaltsu batean beti dago “baina” bat. Europako Championsen finalerdietan erori zineten, eta 1. Mailako Ligako titulua lortzeko play-offetan final laurdenetan Barçaren kontra galdu zenuten. 
Bai, aipatu dituzunak “baina”-k dira. Championsean zortziko finalera iritsi ginen, Europako 8 talde hoberenen multzora. Final laurdenetan Ugra Yogorsk talde errusiar handia hartu genuen mendean, baina finalerdietan gerora txapeldun izan zen eta sekulako taldea duen Portugalgo Sportingen kontra galdu genuen. Gurea bezalako talde bat irabaztera doa beti, eta ezinezkoa izan zen. Eta beste “baina” 1. Mailako Play-offetan final laurdenetan Barçaren kontra erortzea eta datorren denboraldian Championsean aritzeko txartela emango ligukeen finalera ez heltzea izan da. 3 titulu lortu ditugu eta oso ongi dago, baina askoz hobe litzateke horretaz gain aurtengo Championsa irabaziko bagenu eta play-offetako finalera sailkatuko bagina, eta, zer esanik ez, play-offeko finala irabaziko bagenu. 

Barça eta Levante jokatzen ari dira 1. Mailako Play-offetako finala. Barçak arantza kendu zuen, euren kontra irabazi baitzenuten Espainiako Kopa eta Superkopa. 
Aurre denboraldian, ligan eta aipatu bi finaletan jokatu genuen euren kontra eta guztietan gu gailendu ginen, baina play-offetan lehen partida irabazi genuen, bigarrenean berdindu eta penaltietan eurek irabazi zuten, eta hirugarrenean irabazi gintuzten. 

Denboraldi bukaerara arte ligako pitxitxi edo golegile nagusia izan zara baina azkenean bigarren sailkatu zara, Santa Colomako Drahovskyren atzetik. 
Bai, bigarren izan naiz, 25 golekin. Ia liga guztian ni nengoen aurretik, baina biak parean ibili ginen, eta azkenik Drahovskyk 4 goleko errenta atera dit, 29 gol sartu baititu. Nahiz eta pena pixka bat izan, lehia polita izan da eta azkenean 25 gol dira, batere gaizki ez dagoena. 

“Interren exijentzia maila oso altua da eta horrek zure onena ateratzen du; horren bila gatoz”

Xotak dena ematen du eta duen garrari esker sarritan goian egon da, baina talde umila da. Bertatik Inter Movistarrera joan zara, beti faborito den talde ahaltsu batera. Presioa askoz ere handiagoa izango da, beti irabazi eta goian egongo zaretela espero baita.  
Hala da. Klub honek duen ona –ona ongi eramaten baduzu, eta txarra ez badakizu eramaten–,  asko exijitzen duen kluba dela da. Baina asko asko, eta egunero. Klubaren exijentzia maila oso altua da eta talde honetara gatozen jokalariak horren bila gatoz, horrek zure onena aterako duelako. Zorionez, nik uste dut kluba nire onena ateratzen ari dela. Iristen zaren lehendabiziko egunetik barneratzen dizute presio hori, eta horrek egiten du Inter Movistar talde txapelduna izatea. Hizketaldi, entrenamendu, partida eta saio bakoitzean zuzendaritzatik hasita talde teknikoraino, muineraino barneratzen dizute irabazi eta irabazi beharra dagoela. Eta berriro diotsut, jokalariak gara presio hori bilatzen dugunak. Zaila da, baina hori gainean eramateko modua lortu behar duzu, eta horretarako dago klub hau. Nik uste dut nire urte onenak ditudala aurretik. 

Madrilen ateak zabalik hartu zintuztela esan duzu beti. Inter Movistarreko zaleak eta Xotakoak oso ezberdinak dira?
Klubak eta zaleek harrera bikaina egin didate. Hasieratik zaleen maitasun handia nabaritu nuen, bai sare sozialetan, hasieran partidak ateak itxita jokatzen genituelako, eta gero baita kantxan ere. Eta ez soilik golak sartzen eta gauzak ongi ateratzen hasi zirenetik; lehen unetik babestuta sentitu nintzen. Kontuan hartu behar da ni ez nintzela izen handiko fitxaketa izan, eta hala ere zale gehienek fitxaketa pozgarri gisa ikusi ninduten; zaleak alde izan nituen hasieratik eta hori eskertzekoa da. Bestetik, Interreko zaleak ez dira Xotakoekin alderatuz horren ezberdinak. Nobleak dira, jende ona, Xotakoak bezala, eta taldearekin daude. Zortea izan dut, bi taldeen zaleak oso handiak baitira. 

IRURTZUN-MADRIL
Irurtzundik Madrilera. Zer moduzkoa izan da aldaketa?
Aldaketa guztiek bere zailtasuna dute, hasieran bereziki. Nik ez nuen atzean soilik klub bat utzi: nire betiko taldea utzi nuen, herrikoa, 5 urte nituenetik bertan trebatu nintzen taldea. Horretaz gain, nire familia, lagunak, kuadrilla eta nire herria utzi nuen atzean. Eta aurrera egin nuen jakinda aldaketa gaizki atera ahal zela. Aldaketa oso handia izan da. Irurtzunek 2.300 biztanle pasa ditu eta 24.500 biztanle dituen Madrilgo herri batera etorri naiz, Paracuellos de Jaramara. Eurendako herri txikia da, pentsa.

Hori ez al da Belen Esteban bizi den herria?
Hala omen da, nik ez nekien, baina jende guztiak hori esaten dit (kar, kar…). Kontua da Inter Movistarren kantxa bertatik 8-10 minutura dagoela, eta ez dago auto ilararik. Madril hiriburuan biziko banintz kantxara heltzeko denbora pila beharko nuke, trafikoa ikaragarria delako. Nik lasaitasuna nahi nuen, kantxatik gertu egotea. 

Madrilen kuadrilla egin duzu?
Entrenamendu saio asko ditugu eta asko bidaiatzen dugu, bereziki bukatu berri den denboraldi honetan. Batzuetan goizez entrenatzen dugu, edo goizez eta arratsaldez, eta horri bidaiak gehitu behar dizkiozu, partiden ondoren atseden hartzeko tarteak… Beraz, ez dugu aisialdirako tarte gehiegi. Esango nizuke nire kuadrilla nire taldekideak direla. Sekulako taldea egin dugu. Egia esan, ez nuen espero halako klub handi batean halako taldea egotea, eta nik uste dut gure harreman hori kantxan islatu egin dela. Izan ere, oso giro ona dugu, lehendabizikotik hasita azkeneraino, bai jokalariak, teknikariak… Ez dago inor taldetik kanpo dagoenik. Horrek flipatu nau gehien. Bai, nire kuadrilla taldekideak dira. 

Zer botatzen duzu faltan?
Familia, lagunak, Irurtzungo berdea, mendiak… Nafarroa osoa faltan botatzen dut. Eta gastronomia. Hemen ongi jaten da, baina ez da berdin, gurea munduko gastronomiarik onena delako. Eta guztiaren gainetik herria botatzen dut faltan, Irurtzun. 

“Madrilen gauza asko botatzen ditut faltan, baina guztiaren gainetik herria, Irurtzun”

XOTAZ
Zure talde ohiarendako, Osasuna Magna Xotarendako, aurtengoa ez da denboraldi erraza izan. Gorriak eta bi ikusi dituzte mailari eusteko. Hala ere, kontuan hartuta jokalari oso baliotsuak galdu eta taldea ia zerotik egin behar izan dutela, halako baldintzetan 1. Mailari eustea lorpen handia da. 
Bai, eta horrek asko poztu nau. Imanolek malabarismoa egin behar izan du zituen baliabideekin talde lehiakorra egiteko, eta beste behin erakutsi du entrenatzaile ona izateaz gain, kirol zuzendari bikaina dela. Begira nolako taldea sortzea lortu duen egin behar izan dituen murrizketak kontuan hartuta. Beste talde askok askoz ere baliabide ekonomiko handiagoa dute, izen handiko jokalariak, esperientzia gehiago, eta hala ere Xotak ongi jokatu du euren kontra. Niretzat Xotak gehiago merezi izan du, baina kirola halakoa da. Garrantzitsuena da Xota salbatu dela eta ziurrenik datorren denboral- dian kalitatezko salto bat eman- go duela, jokalariek esperientzia gehiago izango dutelako. 

Xotaren kontra jokatzea arraro egin zaizu?
Hasieran oso arraroa egin zitzaidan, aitortuko dut. Aldi berean sentsazio polita zen, Imanol eta Migel aulkian ikusten nituelako, Txuma fisioa eta Luis, Xotako jokalariak, asko lagunak direnak… Esaterako, Asier nire kuadrillakoa da eta Roberto Martil nire anaia izango balitz bezala... Bynho, Mancuso... lagunak ditut, minutu eta bidai asko partekatu ditut beraiekin. Arraroa zen, baina sentipen polita aldi berean. 

Xotan ere asko poztu dira Inter Movistarrekin lortu dituzun garaipenengatik. 
Bai, azken finean kantxan izan dezakezun lehiakortasunak ez du kentzen adiskidetasun harremana izatea. 

Denboraldi hau berezia izan da eta oso gogorra. 
Bai, sekulako estresa bizi izan dugu. Maila fisikoan egur handikoa izan da, gogorra, baina maila emozionalean esanen nizuke gogortasuna bikoitza izan dela. Bidaia asko eta partida asko izan dira. Ez ditugu garaipenak gozatu ezta porrotak sufritu, ez zegoen tarterik, hurrengo partida prestatu beharra zegoelako. Eromena izan da, urte arraroa, baina asko ikasi dugu. Aurreko urteak baloratzen ikasi dugu, partidatik partidara atseden hartzeko eta partidak prestatzeko tartea genuenekoa, hain zuzen ere. Jokalari profesionalak garela erakutsi dugu, normaltasunetik erabat ateratzen diren gauzak egin ditugulako: aste batean hiru partida jokatu, hurrengoan bi, gero beste hiru… Hori pasada bat da. Alde horretatik, pena izan da play-offetako finaletara ez sailkatzea, 10 hilabete sufritzen egon ondoren, beste bi aste gehiago ez baitira ezer (kar, kar…). Asteazkenean hartu nituen oporrak, abuztuaren hasiera edo erdialdera arte, eta Irurtzunera joan eta atseden hartzeko irrikaz nago. Guztiz deskonektatu nahi dut, ez dut baloi bat ikusi ere egin nahi.

“Amets bat bizitzen ari naiz, nire mailarik onena eman dut eta 3 titulu lortu ditugu”

IRURTZUN FUTSAL CAMPUSA
Roberto Martilekin batera uztailaren 26tik 30era Irurtzun Futsal Campusa antolatu duzu, hortaz, lehenago hasi beharko duzu baloiarekin. 
Bai, hala da (kar, kar…), baina aurretik atseden hartzeko tartea izango dut. Aurreko urtean ezin izan genuen campusa antolatu, baina aurten bai, eta oso pozik eta gogotsu gaude. Irune Goikoa eta Jon Cerviño izango dira monitoreak eta Asier Llamas izanen da gonbidatua, baina Roberto eta ni campuseko egun guztietan bertan izaten gara, txikiekin jo eta ke lanean, oso gustuko dugulako. Txikiekin aritzeak betetzen gaitu. Gaztetxo gehienak irurtzundarrak, sakandarrak eta iruindarrak dira eta oso ongi pasatzen dugu. Etxera iristerakoan oraindik “Dani, Dani!…” entzuten jarraitzen dut, baina hurrengo egunean campusera iritsi, haurtxoak ikusi eta pentsatzen dut: “baina nola ez ditut maitatuko, maitagarriak baitira…”. 

Robertok emakumezkoen Xota entrenatzen du. Agerikoa da entrenatzea gustuko duela eta horretarako prestatzen ari da. Zu oso gaztea zara, 25 urte dituzu eta jokalari izaten jarraitzeko urte luzeak dituzu aurretik, baina etorkizunean zure burua entrenatzaile ikusten duzu?
14 urte nituenetik neska-mutikoak entrenatu izan ditut eta gustuko dut, baina ez Robertok bezala. Robertok entrenatzeko balio du, eta pasioa du. Bizitzak buelta asko eman ditzake, baina nik ez dut nire burua etorkizunean entrenatzaile ikusten. Argi dudana da nire bizitza profesionalak kirolarekin lotuta jarraituko duela, baina beste esparru batzuetatik. Zein esparru izango den jabetu, lantzeko eta treba- tzeko nahikoa tartea badut. 

Zure ametsa betetzen ari da?
Bai. Denboraldi ikusgarria izan da hau. Inter klubeko jendeak esaten dit egin dudana oso zaila dela, klub honetan hasieratik horrelako maila ematea ez dela erraza. Kontatu didate izen handiko jokalariak etorri izan direla, fitxaketa top horietakoak, baina elastikoaren eta klubaren izena eta pisuarekin ezin izan zutela eta behera egin zutela. Eta nik lortutakoa, klubera iritsi berri halako errendimendua ematea, bikaina izan dela. Aitortu beharra dut anbizio handiko pertsona naizela. Orain oporretan atseden hartu nahi dut, datorren denboraldian askoz ere gogotsuago itzultzeko eta hurrengoa aurtengo denboraldia baina hobeagoa izateko. 

ALDE PSIKOLOGIAREN GARRANTZIA
Halako maila emateko alde fisikoa lantzeaz gain, mentala landu duzu? Esanen nuke elite mailan alde fisikoak baino garrantzi gehiago duela alde mentalak.
Zalantzarik gabe. Alde fisikoa eta nutrizioa lantzearen ero bat naiz, eta lo eta atseden orduen defendatzaile amorratua. Jokalari profesionala naizen aldetik, hori jakina da. Baina nik aparteko garrantzia ematen diot alde psikologikoari. Bizpahiru urte daramatzat Kepa Diez kirol psikologoarekin alderdi hori lantzen. Kepak hasieratik lagundu nau; egunero hitz egiten dut berarekin, eta Irurtzunera natorrenean berarekin geratzen naiz. Argi eta garbi dut nik aurten maila pertsonalean eta maila profesionalean funtzionatu dudan bezain ongi funtzionatzeko bera ezinbestekoa izan dela. Ez soilik areto futbolari gisa, baita bizitzaren gainontzeko alorretan ere. Bizitzari aurre egiteko erremintak ematen dizkit, eta ni zoriontsu izateko baliabideak bilatzen laguntzen dit. Nigatik egin duena bihotzez eskertzen diot. Egiten dugun lanari horrenbesteko balioa ematen diot, datorren urtean edo hurrengoan unibertsitatean psikologia ikastea erabaki dudala. Horretarako prestatzen ari naiz. Oso gustuko dut kirol psikologiaren inguruko guztia; nigan erabateko eragina izan du, nire pentsatzeko modua guztiz aldatu du. Adimenak edo buruak duen boterea ikusgarria da. 

“Bizpahiru urte daramatzat alde psikologikoa lantzen; ezinbestekoa da”

Osasun mental ona izatea ezinbestekoa da, baina, tamalez, sarritan ez dugu behar bezala zaintzen. 
Osasun mentalaren gaiak ez du tabu izaten jarraitu behar, eta, zorionez, gutxika hala izaten ari da. Horregatik nik sarritan psikologiaz hitz egiten dut egiten dizkidaten elkarrizketetan, psikologian sinisten dudalako. Ez nago kea saltzen ari. Taldeko jokalari bat baino gehiago hasi dira psikologo batekin lan egiten, sekulako tabarra ematen diedalako, baina hobetu dutela ikusi dute eta pozik daude. 

Ea merezitako atsedena hartzen duzun!
Eskerrik asko! Eta datorren denboraldian 3 titulu beharrean 5 diren (kar, kar…).