Prentsaren papera bero eraginkortasunean

Guaixe 2021ko uzt. 7a, 12:55
Prentsa bilketa egiterakoan Guaixeko aleak ere jaso dituzte. UTZITAKOA

Atakondoa eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako 72 ikaslek prentsa papera isolatzaile bihurtzeko nola eraldatzen duten ezagutzeko aukera izan dute. 

Energia eraginkortasuna hobetzeko eta gastuak murrizteko asmoz, Irurtzungo Udalak ikastetxean auditoria bat egin zuen. Hari jarraiki honako lanak egin ditu: luminariak aldatu, argindar instalazioa eta koadroak berritu, korronte hargune berria jarri eta frontoiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarri. Udan berogailua sektoreka banatzeko lanak eginen ditu, baita bero isolamendua hobetzekoak ere. Horrela, ikastetxetik ihes egiten duen bero kopurua murriztu nahi dute. 

Azken horretarako zelulosa erabiliko dute, paretetan eta teilatu azpian sartuz. Horregatik, Atakondoa ikas komunitate guztia ikasturteko azken asteak egunkariak biltzen aritu da. 190.000 egunkari biltzea zuten helburu. Hasieratik zekiten helburu handi samarra zela. Iñigo Zamargilea Rivas zuzendariak azaldu duenez, ez zuten lortu paper kopuru hori lortzea, baina hura guztia tratatu behar duen enpresaren bitartez eskuratu dute falta zutena. 

Ikasleak lantegian 
Hobekuntza lan bat besterik izan behar ez zena, pedagogia proiektu bihurtu dute ikastetxeak eta Irurtzungo Udalak. Komunitateko kideek eta irurtzundar batzuek egunkariak eraman dituzte eskolara. Materialek, prentsa paperak kasu honetan, bigarren bizitza bat izan dezakeela ikasi dute ikasleek. Gainera, Lehen Hezkuntzako 6. mailako A eta D ereduetako bina taldek birziklatze hori nola egiten den ikasteko aukera izan zuten. 

Irurtzungo Udalak jarritako autobusetan 72 ikasleak Beriainen dagoen lantegi batera joan ziren. Atakondoan jasotako prentsa papera guztia han bihurtuko dute zelulosa, geroago Atakondoan jartzeko. COVID-19 gaitzari aurre egiteko protokoloak kontutan hartuta, ikasleak taldeka sartu ziren enpresan. Barruan zeuden ikasleek prozesua bertatik bertara ikusten zuten bitartean, kanpoan zeudenak pedagogia saioa jaso zuten. Horren guztiaren lekuko Irurtzungo Udalak kontratatutako irudigileak jaso zuen, egitasmoaren inguruko dokumentala egin nahi baitu udalak.