Areto futbola

Ion Cerviño, 18 urte eta Xotako talde nagusira

Guaixe 2021ko uzt. 6a, 11:40

Jokalari irurtzundarra 4 urteetatik trebatu da Xotan, aurten Tafatrans talde filialean aritu da, utzita, eta  datozen lau urterako kontratua sinatu du Osasuna Magna Xota talde nagusiarekin. Bi aldeak oso pozik daude

Ion Cerviñok 18 urte ditu, irurtzundarra da eta Xotako harrobian trebatu da. Atzelari aparta da. Imanol Arregi entrenatzailearekin Osasuna Magna Xota talde nagusian debutatu zuen, eta aurten Xotako filiala den Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldean aritu da, 2. mailara igotzear egon den taldean, talde nagusian jarraian aritzeko esperientzia hartzeko. Tarteka Osasuna Magnarekin aritu izan da, zenbait partidatan, Imanol Arregik bere falta zuenean. Espainiako 17 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko selekzioetarako ere deitu izan dute eta Xotako harrobiko harribitxietako bat da. Imanol Arregik etxeko jokalaria talde nagusian nahi du, eta Ion Cerviñok eta Xotako presidente Tatono Arregik aurreko astean kontratua sinatu zuten. Horrela, datorren 4 urteetan, 2025eko ekainaren 30era arte, Osasuna Magnako jokalaria izango da Ion Cerviño. 

4 urte zituela hasi zen Xotan Ion Cerviño, eta ordutik talde irurtzundarreko kategoria guztietan ibili izan da. 18 urteko gazteak azaldu du “pozarren pozez” dagoela bere taldearekin 4 urteko kontratua sinatu duelako. “Oso pozik nago nire lehendabiziko kontratua etxeko taldearekin sinatu izanagatik, euforiko, 4 urte nituenetik bainaiz etxe honetako jokalaria. Harro egoteko modukoa da, niretako eta nire familiarendako, Osasuna Magna Xotan lau denboraldiz ariko naizela esatea. Esperientzia lortu nahi dut, eta, batez ere, disfrutatu. Imanolen planetan sartzeko ahalegin guztia egingo dut, minutuak irabazteko” azaldu du irurtzundarrak. 

Xotako presidente Tatono Arregi ere oso pozik dago berak gidatzen duen taldeak Ion Cerviñorekin kontratua sinatu izanagatik. Jakin izan denez denez, beste zenbait taldek Ion Cerviñoren inguruan interesa azaldu dute, baina jokalariak etxeko taldearekin sinatu du. “Xota duela 43 urte jaio zen Irurtzunen, eta gure herriko beste jokalari bat lehen plantillako jokalari izatea oso handia da. Ion eta bere familia betidanik ezagutzen ditut, eta argi nuen Ion areto futboleko 1. mailara gurekin iritsiko zela. Gure plantillako 4 jokalari nafarrak izatea, eta laurak irurtzundarrak, harro egoteko modukoa da, eta uste dut ez zaiola duen balioa ematen” nabarmendu zuen Tatonok.