Areto futbola

Carlos Vento, Osasuna Magna Xotaren fitxaketa berria

Guaixe 2021ko uzt. 15a, 10:30
Carlos Vento. UTZITAKOA.

Venezuelako 24 urteko jokalari internazionala Lituanian jokatuko den Mundialaren ondoren iritsiko da talde berdera. Alex Llamasek ez du jarraituko, eta CD Ibararte izango da Xotaren talde filial berria

Azken astean mugimenduak izan dira Tatono Arregik gidatzen duen Osasuna Magna Xotan. Tartean, denboraldi berrirako bere bigarren fitxaketa egin du talde irurtzundarrak: Carlos Vento venezuelarra. Caracasen jaioa, 24 urte ditu, eta Venezuelako areto futbol selekzioarekin irailaren 12tik urriaren 3ra bitartean jokatuko den selekzioen arteko Mundialean aritu eta gero iritsiko da talde berdera. 

Vento oso pozik dago Imanol Arregik zuzentzen duen taldean ariko delako. “Espainiako talde prestigiotsuenetako batean aritzeak asko pozten nau. Datorren denboraldian munduko areto futbol ligarik onenean jokalari gisa hazten jarraitu nahi dut. Venezuelako jokalari onena izan nahi dut eta horretarako Osasuna Magna Xotan nire onena emango dut” azaldu du. 

Imanol Arregi entrenatzailearendako Carlos Vento jokalari osoa da. “Ongi defendatzen du, azkarra da, trebea, jokoa oso ongi irakurtzen du eta taldekideekin ongi egiten du bat. Jokalari osoa da, gure jokatzeko moldera ongi egokituko dela uste dut eta gure taldeko jokalari garrantzitsua izatera helduko dela” azaldu du entrenatzaile irurtzundarrak.  

Alex Llamasek ez du jarraituko
Alex Llamasek ez du Xotan jarraituko. Azkeneko denboraldi honetan Llamas Industrias Santa Coloma taldean aritu da, utzita; baina talde irurtzundarrarekin zuen kontratua despeditu da eta Llamasek ez du Tatono Arregik zuzentzen duen klubean jarraituko. 

CD Ibararte, filial berria
Orain arte Tafallako Tafatrans zen Osasuna Magna Xotaren talde filiala, baina hitzarmena bukatu eta eraldatu da. Hemendik aurrera, bi taldeak kolaboratzaileak izango dira. Xotaren talde filial berria 2. B Nazionalean lehiatzen den Zubiriko CD Ibararte izango da. Bi aldeek bi urtetarako akordioa sinatu dute, eta pozik daude lortutako akordioarekin.