COVID-19 gaitzari aurre egiteko txertaketa kanpainarekin segitzen du Osasunbideak. Asteazkenean, Irurtzunen 30 eta 39 urte artekoen txanda izan zen. Eta haiekin batera 18 eta 29 urte arteko batzuek ere jaso zuten txertoaren lehen dosia. Guztira 1.161 txerto jarri ziren herenegun. Azken horiek agorrilaren 3an jasoko dute Pfizerren bigarren dosia.
Bestalde, Sakanan 88 COVID-19 kasu positibo zenbatu ditu Osasunbideak garila hasieratik herenegunera arte. Koronabirusak gaixotu dituen sakandarren kasuen erdiak (44) garileko lehen 14 egunetan izan ziren eta beste kasuen erdia zazpi egunetan zenbatu ditu, hilaren 15etik herenegunera arte. Beraz, ibarreko datuek Nafarroan izandako kasuen gorakadarekin bat egiten dute. Azken positibo horiek herriz herri horrela banatu dira: Altsasu 17, Irurtzun 12, Ziordia 4, Uharte Arakil 3, Egiarreta eta Lakuntza bina eta Etxarren, Satrustegi, Arbizu eta Etxarri Aranatzen bana.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak epidemiologia azterketan jaso denez, intzidentziaren igoerak adin-talde guztiei eragiten die, baina intzidentzia 15-24 urteko taldean oso altua dela nabarmendu du. Institutuaren ondorioa da positiboen eta intzidentziaren gorakadaren atzean “prebentzio-neurrien erlaxazio zabala” dagoela.