Astekaria

Mexikoko tradiziozko musika euskalduna

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 11:15
Txamukos Mariatxiak. UTZITAKOA

Txamukos taldearen kontzertua izanen da uztailaren 30ean, ostiralean, 20:00etan, Irurtzungo Gernika parkean

"Inguru honetako" jendeari mexikar musika tradizionala asko gustatzen zaiola esan du Beñat Mitxelena Txamukos Mariatxiak taldeko kideak. "Ez dakit zergatik dagoen afizio hori, baina badago". Taldea osatzen duten seikoteari ere gustatzen zaizkio Mexikoko doinuak, eta taldea sortzeko "ideia" eduki zuten. Irurtzungo musika parkea programaren barruan taldearen emanaldia izanen da uztailaren 30ean, ostirala, 20:00etan, Gernika parkean.

Lesakako deabruak direla esan daiteke, izan ere, txamukos hitzak Mexikoko hizkuntza zahar batean deabrua esan nahi du: "Ez genekien zer izen jarri, eta azkenean hitz hau aurkitu genuen. Gustatu zitzaigun, eta hori jartzea erabaki genuen". Taldea berez mariatxi talde bat ez dela azaldu du: "Mariatxietan biolinak daude, eta guk ez daukagu biolinik. Normalean ez dute akordeoirik, eta guk badaukagu". Norteñoen taldeekin itxura gehiago dute, nahiz eta perkusiorik ez izan.

Txamukos taldearen bereizgarri nagusia euskarazko abestiak egiten dituztela da. "Betiko Mexikoko abestiak edo mariatxien abestiak, baina euskaraz". Nafarroan rantxerak abesten dituzten talde asko daude, baina euskaraz egiten dituztenak bakarrenetarikoak dira. Horregatik, mariatxi euskaldunak deitu ahal zaie ere. "Abesti propioren bat badugu. Bestela, gustatzen zaizkigun abestiak hartzen ditugu, eta euskaratzen ditugu". Lana handia bada ere, abesti bat zerotik sortzea baina errazagoa dela esan du.

Arrakasta
Orokorrean, arrakastatsuak izan ohi dira mariatxien kontzertuak. "Ez dakit zer gertatzen den musika mota honekin. Niri betidanik gustatu izan zait ere. Doinu biziak dira, eta letrek kontatzen dituzten istorioak bitxiak dira: amodio istorioak, batak bestea akabatu duela…". Belaunaldien arteko zaletasun bat da, gainera. "Hamasei urteko gazteak etortzen dira, eta rantxerak kantatzen entzuten ditugu".

Rantxerak, balsak, huapangoak… Musika mexikar tradizionala jotzen du Txamukos taldeak, bai dantzagarria bai lasai entzutekoa. Pandemia egoeragatik, "aldatzen da", baina gustu berberarekin jotzen duela esan du Mitxelenak. "Lehen zen gehiago jendea dantzan, eta trago batzuk hartzen". Orain, beraien burua gehiago estutzen dutela esan du, "jendea erne-erne dagoelako", eta akatsak argi gelditzen omen dira. Kontzertu "kutsu" gehiago hartu dute, "eta ez parrandako emanaldi horiek". Autoexigentzia maila pixka bat igo zaie.

Uztailaren 30ean kontzertua eskainiko dute Irurtzungo musika parkean programaren barruan. Aurretik Lizarragabengoan egon ziren, eta "herri osoa" egon zela esan du Mitxelenak. Ziordian ere joko dutela aurreratu du.