Irurtzunera joan, eta Biaizperi begira gelditzea dena da bat. Izenak ere badu berea. Batzuendako Biaizpe, beste batzuendako Bi Ahizpak, Bi Haitzak, edo Aizpea. Baina, jatorrizkoa Aixita omen. “Biaizpe Haitz Handia eta Haitz Txikia izen berriak dira, 1.800 urtetik aurrera erabili ziren. Esaten dute aurretik Aizpea omen zela, baina irakurritako dokumentuetan Aixitako malkorrak aipatzen dira. Bertan zegoen gaztelua ere Aixita zen” azaldu digu Joseba Arlegi Lakuntza eskalatzaile eta ekipatzaile irurtzundarrak. Biaizpe eskalada guneak zein aukera eskaintzen dituen galdetzeko jo dugu berarengana, eta ezin genezake sherpa hoberik topatu, Biaizpeko bide asko berak eta bere kideek sortu, ekipatu eta mantendu baitituzte urte luzez.
Biaizpek bere garaian izen handia zuela aipatu du Joseba Arlegik. “Ez bakarrik Nafarroan, Euskal Herrian eskaladaren hastapenetan egon zen leku garrantzitsuenetako bat izan zen. Nafarroan lehendabiziko eskaladak Leiren eta Etxaurin egin ziren, 1946an. Biaizpen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Hurrengo urtean, 1947an, eskalatzaile kataluniar batzuk Haitz Handian, behetik Caballé bide ezaguna zabaltzea eta goraino igotzea lortu zuten. Geroago, 50. eta 60. hamarkadetan, eskalatzaile gipuzkoarrak ibili ziren Biaizpen. Tartean, Haitz Handiko ekialde aurpegian lehendabiziko igoera egin zuten, bi vivac-ekin. Vivac teknika eskalada igoera luze batean paretan bertan lo egitea da. Euskal Herrian ez zen ezagutzen: Biaizpen erabili zen lehenengoz. Geroago, 70. eta 80. hamarkadetan, urte haietako tendentziak jarraituta, mugimendua egon zen Biaizpen, eskalada klasikoa eta ibilbide luzeetakoa. Baina hor geratu egin zen. Zergatik? Jendea gehienbat kirol eskalada egiten hasi zelako, eta Biaizpen ez zuelako inork kirol eskaladaren lekukoa hartu. Etxauri, Eginon... eskaladako bideak ekipatzen hasi ziren, bide motzagoak baina zailagoak. Eta hori Biaizpen ez zen egin, geroago guk ekipatu arte. Urte haietan Irurtzungo eskalatzaile bat bere kabuz ibili zen hemen, zer edo zer egiten. Sektoreren bat ekipatu zuen, eskuz, eta ondoren guk hartu genuen, nolabait, lekukoa, guztia ia utzita eta abandonatuta zegoenean” azaldu du Arlegik.
Joseba Arlegi eta bere lagun batzuk 15-16 urte zituztela hasi ziren eskalatzen, Biaizpen, lagun baten anaiaren materialarekin. Pare batek eskalada ikastaroa egin zuten. Eskaladan hastearekin batera, zeuden bide zaharrak berrekipatzen hasi ziren, bide asko egoera oso penagarrian zeudelako, arriskutsu. “Ismael Makeda hasi zen, eta guk laguntzen genion: nik, Xabiertxok… Eskuz egiten genuen, taladrorik eta halako tresnarik gabe. Etxaurira eta Uharte Arakilgo Aiztondora joaten ginen, han egina zegoena ikusi, ideiak hartu eta Biaizpe berrekipatzen hasi ginen. Lan handia izan zen. Gauza batzuk ongi eginak egongo dira eta beste batzuk, agian, ez dira horren ongi egongo, baina hona ez zen inor etortzen eta guk ahal genuena egin genuen. Nire ustez, gehiena txukun egin zen: bide zaharrak berrekipatu ziren, garbiketa edo txukunketa bat egin genuen eta bide berriak ekipatu ziren. Tarteka zenbait sakandar aritu ziren gurekin, Aritz Artieda etxarriarra, Pumorin zendu zena, edo Jaime Sanzol, esaterako” gogoratu du irurtzundarrak.
Eurek egindako lanari esker, gaur egun eskalatzaile asko gerturatzen dira Biaizpera eta berriro izena hartu du. “Lehen ez zen inor etortzen, soilik gu ibiltzen ginen, eta gaur egun edozein egunetan jendea dago” dio Arlegik.
Denetarik toki berean
Biaizpek aukera ugari eskaintzen ditu. “Batetik, bide luzeak daude, klasikoak, autobabesekoak. Hau da, ez daude guztiz ekipatuta, eta norbera bere babespenak jartzen eta kentzen joan behar da. Alpinismo kutsua du. Bestetik, badaude bide luzeak baina guztiz ekipatuta daudenak, kirol eskaladakoak bezala, multi-peach esaten zaienak, 200 metro edo 180 metroko luzera dutenak. Eta badaude ere kirol eskalada deritzogun sektoreak, ekipatuta, 20-30 metroko igoera izanen dutenak, eta gero lurrera jaitsi behar direnak. Hiru estilo hauek hemen daude, Biaizpen, eta inguruan: Aiagainen, Putreen Balkoian… Gune berak eskalatzeko hiru aukerak eskaintzen ditu, eta alde horretatik erreferentea da Nafarroan” nabarmendu du Arlegik.
Zailtasunaren aldetik, bide luzeetan errazenak 5+ maila izango duela esplikatu ditu Arlegik, eta kirol eskaladako sektoreetan 8. mailara iristen diren bideak ere daudela. “Bide luzeak atsegin dituzten eskalatzaileak Biaizpera etortzen dira, Euskal Herrian ez dagoelako 200 metroko bide askorik. Etxaurikoek 100 metro pasatxo izaten dituzte, Saraben gehienez 25 metrokoak dira eta Ziordiko espoloia luzea da, baina ez horrenbeste, Aiztondoko bideak bezala. Hemen eskalada luzearen aukera dago. Eta beste ezaugarri garrantzitsu bat du Biaizpek: orientazio asko ditu. Udan, Aiztondon, uneoro eguzkiak jotzen du, eta askotan ezin da ibili. Sarritan ibili naiz Aiztondon anklajeak aldatzen eta bide errazak ekipatzen, baina beti eguzkia. Biaizpen, aldiz, hegoa, iparra, ekia… Kareharria da; hegoaldean zulo gehiago ditu eta iparraldean leunagoa da, eskalatzeko zailagoa, baina itzalean dagoenez, udan aritzeko aukera eskaintzen du” azpimarratu du.
Arlegiren gida
Bide horiek guztiak nonbait jasota ote dauden galduta, Josebak aipatu du berak bere garaian liburuxka bat egin zuela, “baina zaharkitua geratu da. Anaia ingeniaria da, eta bere enpresako webgunera nik ordenagailuan jasota nuen informazioa igo zuen, bideak eta krokisak. Urteetan hona etortzeko erreferentzia izan zen, baina jada ez dago. Informazio ia guztia dut ordenagailuan jasoa, baina informazioa antolatu nahi dut, eguneratu, txukun jarri eta inprimatu. Agian Pikuxarren jarri liteke interesatuen eskura, inprimazio kostuan. Inoiz ez da momentu ona, baina iritsiko da” azaldu du eskalatzaileak, irribarrez. “Informazioa nahi duenak Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko webguneko ‘ekipamenduak’ atalean Biaizpe guneko informazio eta krokis dezente topatuko ditu, guk federaziora bidalitakoak. Bideak berrekipatzen ditugunean ere informazioa federaziora bidaltzen dugu, eta webgunera igotzen dute. Eta eskatzen didanari ematen diot. Bestalde, partikular batek Nafarroako Eskalada Gida publikatuko du udazken aldera, eta gidarako ere informazioa eskatu ziguten” gaineratu du.
Biaizpe eskalada gunean bide asko daude. Eskalada luzeko bideetan, Haitz Txikian 9 bide luze inguru daude, Txemi, Herri baten sustraiak, Kuttuna, Pirulo Mogollon, Born to be wilde, Axuri Dantza eta Directa, tartean. Haitz Handian Gora gu ta gutarrak, Patxi Berrio, Felix Calvo, Giovanni corpo-corto, Born sureste, Malaria, Caballé, Neguko bidea, Aixita… beste 10 inguru. Eta horri kirol eskalada bideak –Adaptarse o morir eta bestelakoak– eta beste gehitu behar zaizkie. “Gora gu eta gutarrak bidea goraino ekipatuta dago, eta erreferente bat da Nafarroan. Bide luzeak gustuko duten eskalatzaile guztiek egin dute” dio Arlegik. Caballé bide klasikoak ere erreferentzia izaten jarraitzen du.
Irurtzun, mendira begira
Ioseba Arlegik bi aldiz eskalatu du El Capitan (California), vivac teknikarekin. Berarendako ametsa betetzea izan zen. Utahko Sinhos Canyonen ere bide bat egin zuen. “AEBetan toki oso basatiak dituzte, Alpeetan topatu ezin direnak. Hirutan egon naiz eta itzuliko nintzateke, zalantzarik gabe”. Bitartean, Biaizpen aritzen da, gustura, etxetik gertu, O kilometroan. Bertara etortzera animatzen du jendea. “Eskalatzaile batendako plan ona da Biaizpera etortzea, aukera ugari daudelako” azpimarratzen du.
Eskalatzeaz gain, hainbat aukera daude Irurtzunen: Plazaolako bide berdea, Irurtzun inguruan prestatutako ibilbideak, Arrantzaleen xenda, esaterako, Biaizpe azpitik pasatzen dena. Iratxo elkarteak Irurtzun mapan jarri zuen Sakanako Ibilaldia antolatzen hasi zenetik, eta berriki autokarabana gunea zabaldu dute eta mugimendu handia dago. Guztiak Irurtzun herri erakargarria egin du. “Zalantzarik gabe. Lehen Biaizpen soilik gu, arrantzaleren bat eta ehiztariren bat ibiltzen ginen; orain jende asko igotzen da Aixitara, Arrantzaleen xendara, Putreen Balkoira, Plazaolara... Herri industriala denez, itsusia da Irurtzun, baina ingurune zoragarria du. Gu ohituta gaudelako, baina Biaizpe lehendabiziko aldiz ikusten duzunean, sekulakoa da; ez da batere arrunta” nabarmendu du Arlegik.
Eskalada bideak jaso eta babestu
Hasierako gehienek eskalada utzi dute, baina Joseba Arlegik ez. Eskalatzen eta bideen mantenu lana egiten jarraitzen du. Sortzen diren teknika eta material berrietan egunean dago. “Teknika eta material berriak, material nahasketa, material etxeak, korrosioa… egunean egotea gustuko dut, gero probatzeko” azaltzen du. Honi eskaintzen dion denbora ordainezinaz aparte, sarritan bere poltsikotik ere dirua jartzen du, Biaizpe ongi egotea nahi duelako, jendea etorri eta erabil dezan. Horrek betetzen du gehien. Nafarroako Federazioaren aldetik laguntza xumea jasotzen dute, baina ez da nahikoa. Bere iritziz eskalada bideak seinaleztatu eta Natur Guneetako kirol instalazio gisa jaso beharko lirateke, GR eta halako mendi ibilbideekin egiten den bezala. Horrek eskalada bideak hobeto mantentzea ekarriko luke. “Gipuzkoan egin dute, eta posiblea da, baina Nafarroan oraindik ez da egin; ea noizbait lortzen den” dio.
Ildo honetan, eskalatzaile askoren mendiko prestakuntzan eta teknikan gabezia batzuk ikusten dituela gaineratu du Arlegik. “Jende gehiena rokodromotik dator haitzera, eta ez daki ebaluatzen anklaje bat ongi ote dagoen, nondik ari den aseguratzen, jaitsieran “descuelgue” delako piezak gastatuta dauden ala ez... Blokeak itxura okerra badu, agian hobe ez ikutzea. Izan ere, mendian gaude, eta materialak iraupen bat du. Iruditzen zait asko ideia gutxirekin hasten direla mendian. Nafarroako Mendi Federazioak urtero udazkenean eta udaberrian ikastaroak egiten ditu, eta, horrela, gutxieneko batzuk ikasten dira” aipatu du Arlegik. Berak ere makina bat ikastaro eman izan ditu federazioan. Bukatzeko, gogoratu du irailaren 15era arte Haitz Txikiko mendebaldeko aurpegian ezin dela eskalatu, itxita dagoela, sai zuriaren kabialdiarengatik.