Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Areto Futboleko Liga Nazionala utzi du

Guaixe 2021ko ira. 1a, 11:25

Tatono Arregik azaldu duenez, "etorkizunean pentsatzen" hartu da erabakia.

Tatono Arregik gidatzen duen kluba Espainiako Futbol Federazioko kide izango da

Osasuna Magna Xotako juntak erabaki du Irurtzungo areto futboleko taldeak Areto Futboleko Liga Nazionala elkartea utziko duela eta hemendik aurrera Espainiako Futbol Federazioko kide izango dela eta horrela lehiatuko dela. Xotak hainbat hamarkada zeramatzan Areto Futboleko Liga Nazionalean, baina beste hainbat klubek hartutako bidea jarraituz –Ribera Navarra, Movistar Inter, FC Barcelona, Peñiscola eta Jaen– hemendik aurrera Espainiako Futbol Federazioarekin lehiatuko da. 

Tatono Arregi presidenteak Diario de Noticiasen adierazi duenez, “etorkizunean pentsatzen” hartu da erabakia. “Ez da arrazoi ekonomikoengatik; uste dugu etorkizuna hemendik pasatzen dela. Analisia hotzean egin ondoren, jabetu gara bere garaian Espainiako Futbol Federazioak bere gain hartutako konpetentziak ez dituela itzuliko; beraiek dira Areto Futboleko 1. Mailako txapelketa antolatzen dutenak, hori da errealitatea, eta horregatik hartu dugu Espainiako Futbol Federazioarekin lehiatzeko erabakia” azaldu du Tatonok. 

Xotak 900 bazkide ditu jada
Osasuna Magna Xotak martxan du 2021/2022 denboraldiko bazkideen kanpaina. 900 bazkideko muga gainditu du Irurtzungo taldeak, datu positiboa, eta interesatuek oraindik badute bazkide egiteko tartea, Irurtzungo edo Iruñeko bulegoetan.