Familia bizitza eta lana bateratzeko, hainbat familia dira haien txikiak haur eskoletara eramaten dituztenak. Irurtzunen halakorik ez dagoenez, 0 eta 3 urte bitarteko haur eskoletara beraien umeak eramaten dituzten familiendako dirulaguntza deialdia egin du Irurtzungo Udalak. Oraingo deialdia irailetik ilbeltzera bitartekoa da.
Hartan interesa dutenek eskabide betearekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute udaletxean: errolda ziurtagiria, haurra eta gurasoak edo haren legezko tutoreak Irurtzunen erroldatuta daudela adieraziko duena, beti ere, urte bateko antzinatasunarekin; eskaera egin duen aitaren edo amaren nortasun agiriaren eta familia-liburuaren fotokopia; Haur Eskolaren ziurtagiria, haurra bertara joan dela egiaztatzen duena eta ordaindutako matrikularen zenbatekoa ere; erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez dela bestelako diru laguntzarik jasotzen semea edo alaba Haur Eskolara joateagatik eta, azkenik, laguntza jaso nahi den banku kontuaren zenbakia.