Irurtzundarren aspaldiko eskaera da herrian bertan DBH guztia ikasteko aukera izatea. Izan ere, gaur egun Atakondoa eskola publikoan 2. DBH mailara arteko ikasketak egin daitezke, eta, ondoren, ikasketak jarraitzeko ikasleek Iruñera joan behar dute. Horrek, beste hainbat ondorioen artean, eskola garraioa antolatu beharra dakar. Urteroko kontua. Badira ere beste ikasketa batzuk egitera joaten direnak hirira. Horregatik, Irurtzungo Udalak eta ikasleen gurasoen lantaldeak hainbat bilera izan dituzte Hezkuntza Departamentuarekin.
Irurtzundarrak hainbat proposamenekin joan dira bilera horietara, eta, azkenik, aurtengo eskola garraioa nola izanen den zehaztu da. Horren berri eman eta hurrengo pausoak zein izan daitezken azaltzeko bilera deitu dute gaurko, kultur etxeko areto nagusian, 18:00etan. Udalak jakinarazi duenez, Biurdana eta Julio Caro Baroja institutuetan 3. eta 4. DBHn matrikulatuta dauden ikasleek ez dute Irurtzungo Udalean izapiderik egin beharko. Udalak gaineratu duenez, aurki ordutegi, ibilbide, kostu eta abarren gaineko informazioa emanen du.