Patxi Cia munduko txapeldunari aitortza Irurtzunen

Guaixe 2021ko ira. 7a, 11:00
Patxi Ciak ortzadar koloreko maillota jantzi zuen Irurtzunen. MIREN ARREGI

Biker nafarrak munduko Master 40 mailako Txapelketa irabazi zuen berriki Alpe frantziarretan eta La Peluso Xtremen omendu zuten

Errepideen ordez, xendak, bidexkak eta aldapak. Hautu hori egin du CD Irurtzun Taldeak. Maiatzaren 8an La Peluso Zikloturista Martxa antolatzekoak ziren. 1.200 txirrindulari zeuden izena emanda, baina pandemiak eskatutako osasun arauak betetzea bideragarria ez zenez, zikloturista proba 2022ra atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek eta horren ordez abuztuan BTT edo mendi txirrindularitza proba antolatzea, Peluso BTT Xtreme. Proba larunbatean jokatu zen, arrakasta handiz. 

CD Irurtzun Taldeak bi ibilbide antolatu zituen: luzea, 60 kilometrokoa eta 2.200 metroko desnibelekoa, eta laburra, 30 kilometrokoa eta 900 metroko desnibelekoa. Irurtzun erdigune hartuta, inguru paregabeetan ibilbide eder eta ikusgarria prestatu zuten. Ibilbide luzean, tartean, Ergako Trinitatea, Ziako eta Oskozko gainak eta Etxaleku gainditu behar izan zituzten. Bi distantziak kontuan hartuta, 340 bikerrek hartu zuten parte La Peluso BTT Xtremen eta guztiek probaren gogortasuna eta edertasuna goraipatu zituzten. 

Patxi Cia munduko txapeldunari omenaldia
Ibilbide luzea osatu zuen lehen txirrindularia Tafallako Erik Altuna izan zen (2:56:28). 19 segundo atera zizkion Ororbiako Iñigo Sagardoyri (3:56:47). Patxi Cia beterano iruindar ezaguna izan zen hirugarrena (2:59:38). Ciak munduko Master 40 mailako Txapelketa irabazi zuen abuztuaren 22an Pra Loup eski-estazioan, Alpe frantziarretan, eta ortzadar koloreko maillota jantzita aritu zen. La Peluso BTT Xtremeko antolakuntzaren aldetik omenaldi xumea jaso zuen, eta biker asko gerturatu zitzaizkion zoriontzera. Oso pozik zegoen, eta Irurtzungo proba “ikusgarria, ederra, teknikoa eta osoa” iruditu zitzaion. 

Eukeni Goikoetxea, txapeldun sakandarra
Ibilbide luzeko lehen sakandarra Andoni Agirre Untzilla arbizuarra izan zen, 27. postuan (3:41:44). Aldiz, ibilbide laburreko txapelduna sakandarra izan zen. Eukeni Goikoetxea Larraza altsasuarra gailendu zen 30 kilometroko proban, (1:22:10), Luzaideko Oier Mateori 13 segundo aterata. Muskitzeko Alberto Sarasak osatu zuen podiuma (1:23:21). 

Indarrak berreskuratzeko paella gozoa zuen prest antolakuntzak Irurtzungo plazan, eta festa ederra ospatu zuten bikerrek.