Hydrok gizarte, ingurumen eta etika konpromisoagatik ziurtagiria lortu du

Guaixe 2021ko ira. 15a, 12:56

Hydro lantegiko bulegoak. ARTXIBOA.

Aluminium Stewardship Initiativeren (ASI) bi estandar lortu ditu: Eginkizuna Betetzearena eta Zaintza Katearena. ASIren helburua da aluminioaren balio-katean jasangarritasunaren eta giza eskubideen printzipioak bultzatzea.


Aluminioa estrusioan aritzen den eta Irurtzunen lantegia duen Hydro enpresa multinazionalak jakinarazi duenez, bere penintsulako lau lantegiek jasangarritasunaren eta giza eskubideen printzipioak aluminioaren balio-katean integratzeagatik aitortza jaso dute. Eta, beraz, Aluminium Stewardship Initiative (ASI) enpresaren estandarren araberako gizarte, ingurumen eta etika ziurtagiria du. Hori lortzen lehena izan da penintsulan. 

Hydrori lehen aldiz emandako Zaintza Katearen estandarrak (CoC) ASI erakundeak ziurtatutako aluminiorako zaintza-kate bat sortzeko baldintzak ezartzen ditu. Kate hori, balio katearen bidez, ondoren hainbat sektoretan ekoizten eta prozesatzen da. Instalazioak eta haien praktikak ziurtatuta daudela ez ezik, prozesatzen duten metal fisikoa ere ziurtatuta dagoela esan nahi du, ASIk ziurtatutako iturrietatik lortzen denean.

Bestalde, ASIk joan den urtean Performance Standard edo jarduera estandarra eman zion Hydrori. Estandar horrek 59 printzipio eta ingurumen irizpide ebaluatzen ditu aluminioaren balio katean, berotegi efektuko gasen emisioak, hondakinen kudeaketa, materialen administrazioa, biodibertsitatea eta giza eskubideak barne.

“Estandar horiek lortzea eta ASI industriaren ekimen global batek aintzat hartzea funtsezkoa da gure jasangarritasun agenda betetzeko. Gainera, gure bezeroei balio kate osoan modu arduratsuan lortzen eta ekoizten diren aluminiozko produktuak eskaintzen dizkiegula dokumentatzen laguntzeko balioko du”, azpimarratu du Ana Vazquez Hydro Extrusioneko Iberiako presidenteordeak. “Ziurtagiri horrek posizio hobean jartzen gaituztela uste dugu, hornitzaileak, kolaboratzaileak edo bezeroak elkarrekin lan egitera bultzatzeko, etorkizuneko belaunaldientzat modu jasangarriagoan”, gaineratu du.

Bereizgarri bat: iraunkortasuna
Hydrotik azaldu dutenez, lortutako bi ziurtagiriek enpresa “iraunkortasunaren bila egiten ari den lana indartzen dute.” Urte hasieran, konpainiak iragarri zuen aluminioa estrusatzeko bere 42 operazioak ASI Eginkizunaren Estandarraren arabera ziurtatuta zeudela. “Zaintza katearen estandarraren ziurtagiria lortzea ikaragarria da eta oso pozik nago gure langileen lanarekin. Zuzen jokatzea da Hydroren helburua”, esan du Paul Warton Hydro Extrusionseko presidenteordeak.

Hydro Extrusions Hydroren merkataritza gune handiena da, 21.000 langile baititu 40 herrialdetan. Neurrira egindako aluminiozko osagaiak eta soluzioak eskaintzen ditu industria guztiendako, automobilgintzatik eraikuntzara. 30.000 bezero baino gehiago ditu mundu osoan. Multinazionalak guztira 140 lantoki baino gehiago ditu munduan barna, eta haietan 30.000 langile ari dira lanean.