Osasuna Magna Xotak Ribera de Navarra izango du aurkari irailaren 18an, larunbatarekin, 12:00etan Arrosadiako Pabilioian jokatuko den Nafarroako Kopako finalean, finalerdietan Tafatrans taldeari 2 eta 4 irabazi eta gero. Horrela, Nafarroako Kopako bere bosgarren finala jokatuko du talde irurtzundarrak.
Bestalde, atzo, asteartea, lagunarteko partida jokatu zuen Osasuna Magna Xotak Ibarrako Lauburu KE taldearen kontra Anaitasunan. Gipuzkoarrak aurreratu ziren markagailuan, baina berdeek azkar asko eman zioten buelta partidari eta 7 eta 1 gailendu ziren.
Igandean, irailaren 12an, beste lagunarteko partida bat jokatuko du Osasuna Magna Xotak. Torrelavegan, Zaragozako Futbol Emotion taldea izango dute aurkari berdeek.
Xotak batzarra sortzeko pausuak abian jarri ditu
Xota areto futbol kluba etorkizunera begira jarri da. Aurten 43 urte bete dira Irurtzungo gazte kuadrilla batek Xota taldea sortu zuela, eta orduko jende askok, Tatono Arregi presidentea buru, jarraitzen du oraindik klubaren ardura bere gain izaten, bidean elkartutako jendearekin batera. Baina kluba zabaldu behar dela argi dute. Jendea sartu, ikuspegi eta ilusio berriekin. Eta horretarako, batzar bat sortzeko pausuak abiatu ditu egungo juntak. Batzar horretatik sortuko litzateke Xota gidatuko duen junta berria. Tatono Arregik nabarmendu duenez, helburua kluba indartzea da, “kluba indartuta, guztiok norabide berberean bulkatzeko”.