Irurtzungo Iratxo Elkartearen lorategi zoragarriaren txoko batean dago botxategia. Hitzak adierazten duen bezala, botxan jokatzeko tokia da. Irurtzunen aspalditik dute petankarekin antza duen joko tradizional honekiko zaletasuna, eta hamaika urte daramatzate botxa txapelketak antolatzen. COVID-19 pandemiak guztia gelditu zuen, eta joan den urtean ez zen txapelketarik jokatu, baina urtebeteko geldialdiaren ondoren, indartsu itzuli dira botxa txapelketak eta jokatzearekin eta elkarrekin biltzearekin gozatu ederra hartu dute parte hartzaileek.
Abuztuaren 17an hasi zen Binakako Iratxo Botxa Txapelketa. 11 bikote lehiatu dira guztira, bi multzotan banatuta. A multzoan honako bikoteak aritu dira: Mikel Ollo-Josu Ollo, Eneko-Letizia, Santos-Julen, Mikel-Florentino, Asier-Amets eta Mikel Gelbentzu-Joana. B taldean, aldiz, honakoak: Mikel Arregi-Saralegi, Dani-Iñaki, Edurne-Txutxurrin, Aritz-Maialen eta Aimar-Alvaro. Partida lehiatuak izan ziren, eta giro oso ona izan zen txapelketan. Aspaldiko jokalariekin batera, izen berri asko daude. “Izen berriak daude, bai, gazte asko animatu dira, betiko beteranoekin batera. Alde horretatik, pozik gaude. Mugimendu pixka bat sortu nahi genuen, eta botxa txapelketaren aitzakiarekin, mugimendua sortu da Iratxo elkartean” azaldu du Iratxoko Mikel Goldarazenak.
Multzo bakoitzean ligaxka jokatu eta gero, multzo bakoitzeko onenak pasa ziren final laurdenetara. Ondoren, irailaren 1ean finalerdiak erabaki ziren. Juleni eta Santosi 7 eta 15 irabazi zieten Mikelek eta Florentinok, eta final handirako sailkatu ziren. Beste finalerdian, Danik eta Iñakik 15 eta 4 hartu zituzten mendean Mikel eta Josu. Horrela, zehaztuta geratu ziren irailaren 2ko finaleko txartelak.
Mikel Goldarazenak eta Florentino Berazak Dani Gaintza eta Iñaki Juango izan zituzten aurkari final handian. Partida oso lehiatua izan zen, azken unera arte erabaki ez zena, estrategiaz betetakoa. Azkenean, Goldarazenak eta Berazak lortu zuten txapela janztea, soilik puntu bateko aldearekin, 15 eta 14 irabazi baitzieten Daniri eta Iñakiri. Aldiz, aldea handiagoa izan zen 3. eta 4. postua zehazteko finalean. Santos Iragi eta Julen Iragi izan ziren nagusi, 15 eta 4 gailendu baitziren Mikel Olloren eta Josu Olloren aurrean. Sarituek urdaiazpiko zatia, gazta eta txorizoa jaso zituzten opari.
Banakakoak hartuko du lekukoa
Binakako Iratxo Txapelketari Banakako Iratxo Botxa Txapelketak hartuko dio lekua. Txapelketa irailaren 13an hasiko da. Izena ematea oraindik zabalik dago. “Pentsatzen dugu hamabosten batek emango dutela izena” adierazi du Goldarazenak. Halaber, Berriozar, Antsoain, Txantrea eta Amaia taldeekin botxa jardunaldi bat antolatu nahi dute. “Irail bukaeran edo urriaren hasieran izanen da, ziurrenik” gaineratu du Goldarazenak. Gutxika, ohiko martxari heldu nahi diote, botxa egutegi normalari. “Lehen, udaberri aldean egiten genuen txapelketa bat, eta udazken aldera besteak; baina aurten abuztuan hasi ginen, eta bata bestearen atzetik egingo dugu. Soilik haurren botxa ikastaroa eta txapelketa geratu zaizkigu zintzilik. Aurten ezinezkoa izanen da, datorren udarako utziko dugu” zehaztu du Iratxoko kideak.
Botxa jokoaz
Botxak petankarekin ezberdintasunak ditu. Petankan erabiltzen diren bolak burdinazkoak dira; botxazkoak, aldiz, ezpel edo arte egurrezkoak. Botxa horiek esku-pilotako pilotak baino pixka bat handiagoak dira, eta barruan beruna dute, bolen ibilbidearekin jolasteko aukera ematen duena. Botxan aritzeko gutxienez bi talde edo bi pertsona dira beharrezkoak. Parte hartzaile bakoitzak 2 botxa dauzka, eta helburua taldearen botxa horiek botxinatik ahalik eta gertuen uztea da. Botxina burdinazko bola txikitxo bat da, botxategian kokatzen dena. Bere botxak botxinatik gertuen uzten dituen taldea edo pertsona izanen da irabazlea.
Botxari buruzko dokumentala
Botxa zer den jakin nahi duenak, Irurtzunen botxari buruz egindako dokumentala YouTuben ikus dezake: http://www.youtube.com/watch?v=iSgvvMtZW6k