Udal ikastaroetan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2021ko ira. 16a, 09:20

Irurtzundarrak kalean. ARTXIBOA

Kultura eta aisialdi jarduera eskaintzak osatzen dute. 

Irurtzungo Udalak ikasturte berrirako bere ikastaroen eskaintza egin berri du, eta jakinarazi duenez, honakoa da eskaintza: antzerki tailerra, irakurketa taldea, marrazketa eta pintura, mantentze gimnasia, hipopresiboak, pilates 1 eta 2, bizkortzea/ GAP, kirol entrenamendua gorputz jarrera berrantolatzea eta spinning. 

Udal ikastaroetan irailaren 27ra arte eman daiteke izena. Horretarako, www.irurtzun.eus webgunean dagoen eskabide orria bete, dagokion ordainketa udalaren kontu korrontean egin eta bi agiri horiek udaletxean edo kultur etxean aurkeztu beharko dira. Lehentasuna Irurtzunen erroldatutakoek izanen dute. Plazak baino jende gehiago badago, zozketa bidez emanen da ikastaroan parte hartzeko aukera. Informazio gehiago nahi duenak kultur etxetik pasatu, hara hots egin (948 600 412), kulturetxea@irurtzun.eus e-postara idatzi edo www.irurtzun.eus webgunean opa dezake. 

Gehiago 
Udalak antolatuetakoez aparte, Irurtzunen ikastaro gehiago izanen dira ikasturte berrian: euskara helduendako, euskarazko irakurketa taldea, gaztelania helduendako, ingelesa (haur eta helduendako), ingelesa tailerrak, yoga, joskintza tailerra, fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako saioak, mugimendu adierazkorra, mikologia hastapena, marrazketa eta pintura, euskal dantzak, joaldunak, esku pilota, areto futbola, saskibaloia, karatea, kick boxinga eta harri jasotze eskola. Horien guztien berri udalaren www.irurtzun.eus webgunean dago.