Etenik gabeko bidaien zergatia

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 27a, 09:08

Haurreak pateran jolasten eta helduak itsasontziari eta erakusketari begira.

Horixe azaldu nahi du Irurtzungo plazan dagoen erakusketak, foru administrazioak jarri duenak.

Pellot kortsario hendaiarra, Elkano itsasgizon getariarra, literaturako Ahab kapitaina… Haietakoren bat izan zitekeen. Baina ez, GUAIXEko argazkilaria han zela, pateraz jabetutako haurrek Titanic aipatu zuten. Baita ongi aipatu ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Irurtzunen lehorreratu duen pateraren moduko mordo bat urperatu dira Mediterraneo itsasoan, Europa helmuga zutela. Edo Atlantiko ozeanoan, Kanariar uharteetara iristeko ahaleginean. Bidasoa ubeldean ere izan da trajediarik. 

Urperatzeek hildakoak eragin dituzte, bizimodu hobe baten bila zebiltzan pertsonenak. Heriotza horiek mina eta dolua sortu dute makina bat familia eta lagunen artean. Onik atera ziren bidaideen artean betirako arrastoa utzi dute. Hala ere, migratzeko arrazoiek bere horretan segitzen dute: gerrak, sexu izaeragatiko jazarpena, klima aldaketaren ondorioak, gatazka politikoak edota ekonomia krisia. Hainbat dira pertsonak etxea uztera behartzen dituzten arrazoiak eta larunbatera arte Irurtzungo plazan ikusgai dagoen erakusketak horretaz hausnartzera gonbidatzen du. 

Erlazionatuak