Xotaren bi aldeak

Guaixe 2021ko urr. 6a, 10:00
Emakumezkoen senior mailako 1. mailako Xota taldea. XOTA

Senior maila. Lehen mailako bigarren jardunaldia: Xota 4 – Zumadia 2; eta bigarren mailako lehen jardunaldia: Orbina B 3 – Xota 0

Emakumezkoen senior mailan aritzen diren Xota klubeko bi taldeek txanponaren bi aldeak ikusi zituzten. Batetik, 1. mailan 2. jardunaldia jokatu zen Xotak 4 eta 2 hartu zuen mendean Zumadia taldea. Partida oso lehiatua izan zen, eta 5. minutuan Artaxoako taldea aurreratu zen. Hiru minutura Amal Dafoufik bana berdintzea lortu zuen, eta partidak bere horretan jarraitu zuen, bi taldeak parez pare zeudela. Bigarren zatiko azken tartean, 33. minutuan Leire Oiarzunek Xota 1 eta 2 aurreratu zuen. Erriberakoak partida berdintzen saiatu ziren, baina azken txanpan Youssra Chafiak eta Iranzu Zarranzek sartutako golei esker, 2 eta 4 gailendu ziren irurtzundarrak, azken minutuan bigarren gola sartu baitzuen Artaxoako taldeak. 

1. mailako lider Orbina A taldea da (6 puntu). Xotak sailkapenean gora egin du eta laugarren da (3 puntu). Larunbatean, 12:00etan, Cintruenigon jokatuko dute Xotako neskek, Garbayo Chivite Cintruenigo taldearen kontra.

2. mailan, aldiz, Xotak denboraldiko lehen jardunaldia zuen jokoan eta irurtzundarrak berri txarrekin itzuli ziren Orbinatik. Xota B-k Orbina B izan zuen aurkari Ezkaba kiroldegian eta jokalari berdeak gogotsu atera ziren kantxara. Lehen zatia oso borrokatua izan zen, eta husnako berdinketarekin despeditu zen. Xota Bk ongi eutsi zion Orbina Bri. Baina azken txanpan iritsi zen Orbinakoen etengabeko erasoa eta Xotak ezin izan zuen erauntsia gelditu. 3 eta 0 galdu zuten.

2. mailako lider Mendialdea taldea da (3 puntu) eta Xota B zortzigarren da, punturik gabe. Larunbatean Xotak Cantera taldea hartuko du Atakondoa pabilioian, 11:00etan.