Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Sadarren egin zuen denboraldiko aurkezpena

Guaixe 2021ko urr. 6a, 10:35

Osasuna Magna Xota 2021/2022 taldea, Sadarren. XOTA

Osasuna Magna Xotak Sadar futbol zelaian egin zuen 2021/2022 denboraldiko aurkezpena. Talde irurtzundarrak etxean ekingo dio 1. mailako Ligari, mailaz igo den Manzanares FS taldearen kontra ostiralean, 20:30ean, Anaitasunan jokatuko duen partidan

Toki berezian egin zuen atzo 2021/2022 denboraldiko aurkezpena Osasuna Magna Xotak: Sadarren.   Osasuna da Xotaren babesle nagusiena eta bi taldeek bost urte egingo dituzte elkarrekin. Horregatik, sinbolikoa izan zen aurkezpena Sadarren egitea. Eta zelaian gustura ibili ziren jokalari berdeak. 

Borrokatzeko gogoz
Talde berdearen helburu nagusia 1. mailari eustea izango da, baina, aldi berean, lehiakor izatea nahi dute; partida guztiengatik borrokatuko dutela nabarmendu zuten eta horregatik ez dituzte bestelako helburuak baztertzen. Imanol Arregik zuzenduko du taldea. Zuzendari lanetan 21 denboraldi beteko ditu irurtzundarrak, eta beti bezain gogotsu dagoela aitortu zuen. “Gure armarriagatik dugun guztia emango dugu, beti bezala, eta ditugun helburuak lortzen saiatuko gara. Kategoriari eustea, hori izango da garrantzitsuena” nabarmendu zuen. Aurreko denboraldia zaila izan zela nabarmendu zuen, baina aurten esperientzia gehiago izango dutela. “Guztiak aldi berean egingo dugu aurrera, aldi berean haziko gara. Talde honen buru izatea ohorea da. Ziur haserretuko naizela, baina maitasunetik” nabarmendu zuen. Eta denboraldia polita izatea opa zuen. “Sufritzea tokatuko zaigu, baina beti bezala. Sufritu nahi ez duenak ezin du Anaitasunara etorri. Baina gurea sufrimendu polita da. Guztion babesa behar dugu taldea aurrera ateratzeko” eskatu zuen. 

Imanol Arregik Miguel Hernandezen laguntza izango du plantilla gidatzeko. 15 jokalariko plantilla nagusia izanen du. Tartean 4 jokalari irurtzundar egongo dira: Asier Llamas atezaina, Aitor Irujo atezaina, Roberto Martil hegala, taldeko kapitaina, eta Ion Cerviño atzelaria.