Astekaria

Irurtzunen lehena eta oraina argazkitan

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko urr. 12a, 12:26

Patxi Alegre Garciak Irurtzungo argazki zaharren bilduma osatu du. ARTXIBOA

Patxi Alegre Garciak irudien bidez herriko historia laburra osatu du. Garai bateko irudi zaharren aldamenean toki bereko gaur egungoa jarri du. Argazki bilduma Irurtzunen aurkeztu zuen. 

Pena bat adierazi du lehenik Patxi Alegrek: "lehengo Irurtzundik ez da ezer gelditzen. Zoritxar hori dugu". Otamendi fonda, Plazaola, txerrien plaza… zerrendatzen hasi da. "Argazkilaritza eta musika beti gustatu izan zaizkit. Eta herriko argazki zaharrak biltzen hasi nintzen. Proiektua utzi eta hartu ibili naiz". Ez daki zehazten zenbat denbora pasa den Irurtzungo argazki zaharrak biltzeko "ilusioa piztu" zitzaionetik, "urteak" erantzun du.

Argazki zaharren bilketa egiteko irurtzundarrengana jo zuen lehenik Alegrek. Interneten ere han eta hemen bilatzen aritu da. "Nora jo jakin gabe gelditu naiz". Hala, hasiera batean buruan zuena 20 minutuko proiekzio bat zena 40koa bihurtu da. Alegrek berak aitortu duenez, "elur bola bezala hazi da". Azaldu duenez, "inolako asmorik gabe sortutako proiektua zen, baina egina ikusi nuenean, jendearekin partekatu beharra nuela ikusi nuen". Gaineratu duenez, "pentsatzen nuen jendea aspertu eginen zela, eta, horregatik, proiekzio motza nuen buruan. Baina argazkiak ikusten jendea ez da aspertzen".

Kalez kale
Argazki proiekzioa aurkezpen txiki batekin abiatzen da, "herriaren historiari buruzko pintzelkada batzuk dira". Alegrek lanari buruzko zehaztapena egin du: "duela urte batzuk Diario de Noticiasek herriko argazkiekin liburua argitaratu zuen. Gehienak jendea ziren, baina nik tokiak nahiago ditut". Kultur etxera argazki emanaldia ikustera joaten denak herriko kaleetan barnako bidaia batean sartuko da, garai bateko eta egungo itxurak konparatzeko aukera izanen du. Baita industrialde eta ikastetxearena ere.

Emanaldiaren ondoren "elur bola" Irurtzungo argazki zahar gehiagorekin handitzen segitu dezakeela aipatuta, Alegrek esan duenez, "zaletasuna da eta ongi etorriak izanen dira. Baina zaila da beste argazki batzuk egotea". Hala ere, irurtzundarrari errena sartuta gelditu zaio, ez baititu bi argazki lortu. Haietako baten berri eman du: "Atakondoa eskolaren sarreran garai batean Adrianen sutegia zegoen, ospetsua zena. Aurreko aldean behi eta zaldi azienda ferratzeko-zaldia zuen eta atzeko aldean bere sutegia. Astearteetan, azoka egunetan, mugimendu handia izaten zen. Hori niretako funtsezko argazkia zen, desiratzen nuen argazkia zen. Baina alabari galdetu eta ez dutela, orduan inork ez zituela argazkiak egiten esan zidan". Proiektua ez du itxiko. Bera ez da geldi egotekoa.